'CAN AUZIA'

Iruñeko Udalak Enrique Maiaren aurkako gaitzespen mozioa onartu du, baina ez du dimitituko

Gaitzespena onartzen duela esan du Maiak, baina alkatetzatik kendu nahi badute, zentsura mozioa aurkezteko esan dio oposizioari. "Ez dut joan nahi, eta ez dago joateko arrazoirik", esan du alkateak gaurko udalbatzan. PSNk zentsura mozioa aurkeztea baztertu du.

2013ko martxoaren 22a
12:32
Entzun

Oposizioko alderdien botoekin, Iruñeko Udalak Enrique Maia alkatearen aurkako gaitzespen mozioa onartu du gaur goizean. CANen diru sariak jasotzeagatik aurkeztu dute mozioa. Horrelako gaitzespen bat jasotzen duen bigarren aldia da, 2011n Hirigintza zuzendari zelarik beste bat jaso baitzuen. Bilduk eta Ezkerrak alkatearen dimisioa ere eskatu dute, baina ez, ordea, PSNk eta Geroa Baik.

Hala ere, Maiak esan du ez duela dimitituko. Gaineratu du ez duela horretarako arrazoirik ikusten. Eta kargutik kendu nahi badute zentsura mozioa aurkezteko esan dio oposizioari. Mori PSNkoak, ordea, udalbatzan bertan esan du ez dagoela horretarako baldintzarik gaur egun. "Baina Eguesibarren ere orain dela urtebete ez zegoen horretarako baldintzarik". Eguesibarren alkateak dimisioa eman ostean, aste honetan Alfonso Etxeberria NaBaikoa jarri dute alkate, bere alderdiaren eta Bildu, PSN eta Ezkerraren botoekin.

Eva Aranguren Bildukoak Maiari aurpegiratu dio beste edozein herrialdetan horrelako kasu batek dimisio bat baino gehiago eragingo zuela. Alkatea Arangurenen tonuaz kexatu da, eta horrek erantzun dio hori dela CANeko diru sariek kalean sortu duten tonua. Egino Ezkerrakoak esan du egin ez den zerbaitegatik horrenbeste diru jasotzea ustezko ustelkeria dela, eta alkateak erantzun dio ustelkeria kasu batean nahastuta dagoela iradoki badu bere kontrako neurriak hartuko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.