NAFARROA

Iruñeko Udalak "Riau-riauaren aurkako boikot bortitza" salatzeko mozioa onartu du

Iruñeko Udalak UPNk aurkeztutako mozioa onartu du gaur, PSNren eta PPren aldeko botoekin. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak aurka egin dute, ekintzak gaitzesi arren jada dagokion erantzun "polizial eta judiziala" eman zaiolako. Mozioarekin gobernuak bere erantzukizuna garbitu nahi duela adierazi dute. 

2012ko irailaren 7a
16:59
Entzun

Iruñeko Udalak "Riau-riauaren aurkako boikot bortitza" salatzeko UPNk aurkeztutako mozioa onartu du gaur. Sanferminetako lehen egunean, uztailaren 6an, udalak prozesioa bertan behera utzi zuen, ekitaldiaren hasieran Udaletxe Plazan izandako liskarrengatik.

PSNren eta PPren aldeko botoekin egin du aurrera mozioak. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak aurkako botoa eman dute. Uxue Barkos NaBaiko bozeramaileak udal bilkurari gai horrekin hasiera eman izana salatu du; mahai gainean ekonomia, langabezia, Donapeako auzia, Iruñeko kartzelaren etorkizuna, funtzionarioen lansaria eta gisako gaiak egonda. Barkosen ustez, Riau-riaueko gertaerak "gaitzesgarriak eta salatzekoak" dira; baina "bandalokeria" izan zela nabarmendu du, eta jada izan duela dagokion "erantzun polizial eta judiziala". 

 

Gainera, NaBaiko buruak adierazi du UPNk Riau-riauaren inguruko adostasuna nahi baldin badu aurretik Riau-riaua berreskuratzeko unerik onena zen galdetzeko mozioa aurkeztea zuela. 

Eva Aranguren Bilduko zinegotziak esan du UPNk onartutako ebazpenak helburu bakarra duela: "Riau-riauaren berreskurapenaren porrotean, izandako liskarren gainetik, gobernuak duen ardura ezkutatzea". Prozesioa berriro egiteko UPNren gestioa "oso txarra" izan dela adierazi du Arangurenek, eta "parte hartzerik eta gizarte eztabaidarako lekurik gabe" hartu zituela erabakiak. 

Iritzi horrekin bat egin du Edurne Egino Ezkerrako zinegotziak ere. "UPNk entzungor egin zien ekintza egitearen aurkako aholku guztiei, Udaltzaingoarenari barne". "Gertaerekin ados ez gauden arren, mozioak UPNren gestio txarra ezkutatu nahi du. Ez da salagarria Riau-riau guztia pertsona bakar batek hondatu zuela". 

Ebazpeneko hiru puntuk egin dute aurrera

Mozioan hiru puntu jasotzen dira: gertaerak gaitzestea, Udaltzaingoaren eta Espainiako Poliziak egindako atxiloketak goraipatzea eta iruindarrei Riau-riaua berreskutatzeko egindako ahalegina eskertzea. Jatorrizko ebazpenak bi puntu gehiago biltzen zituen, baina atzera bota dituzte, PSNren aurkako botoekin. Batak Nafarroako Gobernuari babesa erakustea jasotzen zuen, auzipetuen aurka har ditzakeen ekintzetan; eta besteak, Peñen Federazioari ekintza "larri" horietan parte hartu duten kideak botatzeko eskatzea. 

Maria Caballero UPNko bozeramailearen esanetan, lagun talde txiki batek indarkeria erabilik Riau- riaua bertan behera gelditzea lortu zuen", eta horri "erantzun politiko bat" eman behar zaiola azpimarratu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.