Iruñeko Udalaren webguneak ez du informazio kopuru bera eskaintzen euskaraz eta gaztelaniaz. Hori salatu zuen joan den irailean EH Bilduko Patricia Perales zinegotziak, eta arrazoia eman dio orain Nafarroako Administrazio Epaitegiak. EH Bilduk jakinarazi duenez, auzitegiak onartu du atariak ez duela bermatzen euskarazko informazio egokiak izateko aukera, ezta udal prozedurak euskaraz tramitatzekoa ere. Era horretan, udalak webgunea euskararen ordenantzara egokitzeko ardura duela ebatzi du auzitegiak.
EH Bilduren ustez, erabakiak "agerian utzi du UPN gezurretan ari dela ordenantza betetzen duela esatean", eta auzitegiaren epaia betetzeko eta webguneko edukiak euskaratzeko exijitu dio Iruñeko Udalari.