politika

Iruñeko UPNko zinegotzi bat PPra pasatu da

Cristina Sanzek eutsi egingo dio hautetsi karguari. 11 ordezkari ditu orain UPNk udaletxean.

2009ko uztailaren 17a
13:00
Entzun
Cristina Sanz Iruñeko Udaleko UPNko zinegotziak alderdia utzi du, PPra pasatzeko, gaur berak iragarri duenez. Dena den, eutsi egingo dio hautetsi postuari. Batik bat, Gazteria eta Berdintasuna sailetan ari da lanean udaletxean, 2007ko maiatzeko hauteskundeen ondotik kargua hartu zuenetik.

UPNk eta PPk duela hilabete batzuk eten zuten bien artean zeukaten akordioa, eta Sanzek adierazi du gehiago "sinisten" duela PPren "irizpide eta baloreetan".

UPNk orain 11 zinegotzi ditu Iruñeko Udalean -Yolanda Barcina alkatea barne-. Nafarroa Baik (EA, Aralar, EAJ, Batzarre) zortzi ditu, PSNk lau, ezker abertzaleak bi -EAE-ANV gisa aurkeztu ziren-. Cristina Sanz bere kasa ariko da, PPk ez baitu ordezkaritzarik.

UPNren ustez, "interes pertsonalak" bultzatuta joan da Sanz PPra, "Nafarroako Kongresuan postu bat lortzeko". Erabakiak alderdia ez du harritu, baina legegintzaldia amaitutakoan joango zela espero zuen.

Jose Luis Izko PSNko Antolaketa idazkariak adierazi du Sanz PPra joateak ez duela eraginik izango UPNren eta sozialisten arteko akordioan. "Zinegotziak UPNko ekimen guztiak bozkatzeko konpromisoa hartu du", esan du Izkok, eta Udalean gehiegoa ez dela aldatu gogoratu du.

PSNko arduradunaren ustez, UPN barnean bi ildo daude: alderdi sozialistarekin harremana eduki nahi duena eta Mariano Raxoi Espainiako PPko presidentearekin lan egin nahi duena. "Beraz, Barcina alkateak argi utzi beharko du zein ildorekin aritu nahi duen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.