Eusko Alkartasunak gaur goizean jakinarazi duenez, Iruñerrian ETB ikusteko hedagailua eta hori Erriniega mendian paratzeko lana 11.776 euro kostatu da. Mayorga Ramirezek azaldu duenez, EAko militanteek ordaindu dute kostua eta horren froga gisa lana egin duen enpresaren faktura erakutsi du.
Ramirezek salatu du Nafarroako Gobernua eta Patxi Lopez gezurretan aritu direla orain arte Nafarroan ETB ikusteko lanak milioi bat euroko kostua duela esaten zutenean. Erreniegan egin duten moduan, seinalea Nafarroa osora zabaltzeak 40.000 euro baino gehiago ez litzatekeela kostako azaldu du.
Ramirezen hitzetan bai Nafarroako Gobernuak baita Eusko Jaurlaritzak ere arduragabe jokatu dute, eta euren jarreraren ondorioz hogei lanpostu kolokan izan direla gogorarazi du, Navarra Directo saioa desagertzeko zorian dela gogoraraziz.
Eztabaida faltsua sortzea leporatu die Ramirezek bi gobernuei, eta Nafarroan ETB ikusi dadin borondate politikorik ez dutela aurpegiratzeaz gain, erantzukizun politikoak eskatzeko garaia dela esan du.