Irati Mujika, Oihan Ataun eta Mikel Beuntza joan den astelehen gauean Espainiako Poliziak Iruñeko Arrosadia auzoan eta Zizur Nagusian atxilotutako hiru gazteak espetxera bidali ditu Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Inkomunikatuta hartu die deklarazioa, konfiantzazko abokatuaren laguntzarik gabe, eta Segiko kide izatea eta kale erasoak antolatzea leporatuta agindu du kartzelatzeko.
Abuztutik Nafarroan kale erasoak egitea egotzita atxilotutako 17 lagunetatik 15ek inkomunikatuta egon diren bitartean torturak jasan dituztela salatu dute. Hori aintzat hartuta, astelehen gauean Iruñean eta Zizur Nagusian atxilotutako hiru gazteen abokatuek tortura eragozteko neurriak hartzea eskatu zioten polizia operazioa agindu duen epaileari, Fernando Grande-Marlaskari: besteak beste, inkomunikazio aldia bideokameraz grabatua izatea, senideek atxilotuak non eta zer egoeratan dauden jakin ahal izatea eta konfiantzazko medikuen bisita izatea eskatu diote. Epaileak ezezkoa eman zion, ordea, eskaera horri.
Inkomunikatuta izan dituzten denbora guztian gazteen senideek ez dute haien berririk izan. Atzo Iruñean prentsaurrekoa eskaini zuten egunotan bizi duten egoeraren berri emateko. Lurdes Larretak, Irati Mujikaren amak, hitz egin zuen senideen izenean.
Larrearen arabera, euren seme-alabak torturatuak izateko «arrisku handia» izan dute, abuztuaz geroztik atxilotutako gehienek polizien aldetik tratu txarrak jaso dituztela salatu dutelako.
Horrekin batera, Larreak gogoan hartu zuen Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak duela gutxi egiaztatu duela Espainiako Estatuan torturatu egiten dela oraindik, eta Espainiako Gobernuak ez duela ezer egiten. Gainera, NBEk tratu txarrak amaitu ahal izateko inkomunikazioa amaitu egin behar dela aholkatu duela azpimarratu zuen.
NBEren ondorioak Nafarroako erakundeek eduki duten jarrerarekin alderatu zituen: «Parlamentua, Iruñeko Udala edota Nafarroako Arartekoa bezalako erakunde nafarrek beste aldera begiratzen dute, eta errealitate horri uko egiten jarraitzen dute». «Nola liteke Euskal Herritik milaka kilometrotara aurkitzen den NBEk hemen gertatzen dena hain argi ikustea eta Nafarroako erakundeek, teorian herritarrengandik hurbilago egon beharko luketenak, salaketa horiek entzun nahi ez izatea?».
Senideek diote euren seme-alabak herri mugimenduan lanean jarduten zutela, eta, «frankismoan gertatzen zen bezala, disidente izategatik» eraman dituztela. Atxilotuen senideek dei egin diete herritarrei bihar Golem zinemetatik 18:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.
Atxiloketak
Iruñerriko azken atxilotuak espetxeratzeko agindu du Grande-Marlaskak
Irati Mujika, Oihan Ataun eta Mikel Beuntza astelehen gauean atzeman zituen Espainiako Poliziak eta inkomunikatuta deklaratu dute epailearen aurrean. Torturen kontrako protokoloa ukatu egin zien Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Segikoak izatea eta kale erasoak antolatzea leporatu die epaileak espetxeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu