Bost pertsona hil eta 47 pertsona zauritu ziren atzo Espainian, Irundik (Gipuzkoa) ateratako autobus batek izandako istripuan. Bidaiari batzuk euskal herritarrak ziren, baina lerro hauek idazteko orduan, oraindik ez ziren hildako guztien izen-abizenak ezagutzen. Bi baino ez zituzten eman: bat Valentziakoa zen (Herrialde Katalanak) eta beste espainiarra.
Autobusak A-4 autobidean izan zuen istripua, 343. kilometroan, Lopera herriaren parean (Jaen). Ezbeharra 16:40 inguruan izan zen, eta Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, istripua autobus gidariaren deskuidu baten ondorioz gertatu zen. Autobusa olibadi batera erori, eta gurpilak gora begira geratu ziren. Autobus barruan harrapatuta geratu ziren zaurituak atera ahal izateko, suhiltzaileen eta garabi handi baten laguntza behar izan zuten.
Zauritutako emakume batek han bildutako kazetariei kontatu zienez, dena oso azkar gertatu zen.Bera lo zegoela, zarata handi bat entzun zuela dio, eta konturatu zenerako hebaindua zegoela.
Autobusa Campano konpainiarena zen. Konpainia horrek Errenterian (Gipuzkoa) du egoitza, eta Zaragozako Pimera Linea (Espainia) bidaia agentziak antolatutako bidaia egin behar zuen. Zehazki, Cadizeko Herri Zurien ibilbide turistikoa egiteko asmoa zuten 52 bidaiariek.
Autobusa atzo goizeko hiruretan abiatu zen Irundik bi bidaiarirekin, Jerez de la Frontera aldera (Cadiz). Donostian, Iruñean eta Zaragozan egin zituen geldialdiak, bidaiari gehiago hartzeko. Madrilen beste geldialdi bat egin zuen goizeko hamaiketan, gidariz aldatzeko. Autobuses Campano konpainiak esan zuenez, Donostia eta Madril arteko bidea bi gidarik egin zuten, eta Madrilen beste gidari bat igo zen. Halaber, Madril arteko bidea egin zuten bidaiari batzuk han jaitsi zirela azaldu du autobus konpainiak, beste bidai bat egin behar zutelako. Batzuk, esaterako, Portugalera joan behar zuten. Madrilen Jerez de la Fronterara joateko Espainia guztitik joandako beste bidari batzuk igo ziren Campano konpainiako autobusera. Madrilen igo zen gidariak egin behar zuen Jerez de la Frontera arteko bidea. 20:30ean zen iristekoa helmugara.
Campano konpainiako arduradunek nabarmendu zuten, autobusa egoera onean zegoela, berria zelako. «Orain dela urtebete erosi genuen, eta paper guztiak ondo zituen». Bidaiariak garraiatzen orain dela 25 urte hasi zirela, eta inoiz ez dutela istripurik izan azpimarratu nahi izan zuten.
ZAURITUAK. Istripuan 47 pertsona zauritu ziren, horietako bi oso larri. Ezbeharra izandako lekura Jaen probintziako Lopera eta Andujar herrietako osasun langileak joan ziren, bai eta Kordoba probintziako helikoptero bat ere. 112 larrialdi zerbitzuak inguruko ospitale guztiak jarri zituen alertan segituan. Andujarreko suhiltzaileak ere istripua izandako tokira gerturatu ziren, hainbat bidaiari autobusaren burdin artean geratu baitziren harrapatuta.
Istripuaren tokian bertan behin-behineko ospitale bat muntatu zuten zaurituak artatzeko. 35 zauritu inguruko herrietako erietxeetara eraman zituzten. Zehazki, Jaengo Ospitale Mediko Kirurgikora eta Andujar herriko Alto Guadalquivir erietxera eraman zituzten. Zauritu larrienak Kordobako Reina Sofia ospitaleraeta Jaengo neurotraumatologikora eraman zituzten. Azken zauritua 19:10ean eraman zuten erietxera.
Hildakoen gorpuak Jaengo Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman zituzten autopsia egitera.
Irundik abiatutako autobus batek istripua izan du Espainian, eta bost pertsona hil dira
Autobusa Errenteriako Campano konpainiakoa zen, eta bidaiarien artean euskal herritarrak zeuden
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu