Iruñea eta Baiona bizikletentzako bide batez lotzeko plana, martxan

Getari-Doneztebe zatia 2012. urte amaierarako martxan nahi dute; Eurovelo sareko parte izango da bidea

arantxa iraola
Irun
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Emeki-emeki ibiltzeko». Irungo Udalean (Gipuzkoa) bat egin zuten atzo Bidasoaldeko hainbat udal eta eskualde ordezkarik, Pirinio Atlantikoetako buru Jacques Lasserre alboan zutela. Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa batuko dituen bizikletentzako bidea aurkeztu zuten elkarlanean. Bide horren azken xedea, Baiona eta Iruñea lotzea izango da;lehen zatia, Getari (Lapurdi) eta Doneztebe (Nafarroa) lotuko dituena, martxan espero dute 2012. urte amaierarako. 60 kilometro izango dira, propio bizikletan eroso ibiltzeko prestatuak. Bidearen zati handi bat garai batean Irun eta Elizondo lotzen zituen tren zaharraren bidean joango da.

Bide hau Europa osoan hedatutako Eurovelo sareko parte izango da, eta turismoa erruz erakarriko duela pentsatzen dute sustatzaileek. «Europako gainerako esperientzien emaitza ona da; bidaiari emari handia izaten da», nabarmendu zuen Lasserrek atzoko aurkezpenean. Sustatzaileek aitortu dute, hala ere, oraindik ez dutela zehazki ikertu inguruko turismoan zer-nolako eragina izan dezakeen bide berri honek.

EB Europako Batasuneko laguntzak jasoko dituzte egitasmo hau aurrera eramateko. Lanen kostuaren %65 EBk bere gain hartuko du zehazki. Turismo iraunkorra sustatzeko ematen dituen laguntzen barruan emango du bide hau egiteko dirua Europako Batasunak. Gainerakoan, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluada «gidari nagusia» egitasmo honetan.

Zailtasunak

Bidea, zenbait zatitan soilik moldatu egin beharko da, seinale berriak jarri, eta moldaketa lanak egin beharko dira, baina ez aparteko aldaketarik, dagoeneko bizikletentzako atondutako hainbat bidetatik igaroko baita, hein handi batean. Beste zenbait zatitan, ordea, moldaketa lan handiagoak egin beharko dira.

Sustatzaileen arabera, aparteko buruhausteak eragiten ari da Ziburu-Hendaia arteko zatia, Lapurdin. Aski eremu ederra da, eta itsaslabarretan kalterik eragin gabe bidea nola antolatu ez dute argi oraindik. Konponbidea zein izan daitekeen aztertzekoikerketa talde bat propio azterlan bat egiten ari da, baina ibilbidearen lehen zatiarekin batera ezingo dute inauguratu bidearen zati hori; zailtasun handiak dituela eta, aurreragorako uztea erabaki dute.

Pirinio Atlantikoetako Kontseiluarekin batera, egitasmoa Getari, Ziburu, Donibane Lohizune, Hendaia, Irun eta Hondarribiko udalek bultzatuko dute, Nafarroako Gobernuak ere izango du esku-hartzea, eskualdeko hainbat erakunderekin batera: Bidasoa Activa agentzia eta Bertizko Partzuergoa, hain justu, parte dira egitasmoan.

Elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute denek, eta lehendik duten lotura. «Bidasoaldeko herrian oso eroso sentitzen gara gu», nabarmendu , esaterako, Jose Antonio Santano Irungo alkateak. Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako inguru horretako herritarrek, hala nola erakundeek, harremanak izateko ohitura dutela nabarmendu dute, eta egitasmo honek harreman horretan oraindik ere gehiago sakontzeko balioko duela.

Interpretazio zentroa

Irunek aparteko garrantzia du egitasmo honetan, izan ere, udalerri horretan jarriko dute Eurovelo sareari buruzko interpretazio zentro bat, Santiago zubian. Hain justu, garai batean aduanak hartzen zuen eraikin zaharrean jarriko dute; Espainiako Gobernuak Irungo Udalaren esku utzi du eraikina, propio egiteko horretarako erabil dezan.

Txirrindulariek bertan bideari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute; Euskal Herriko zatiari buruzko informazioaz gain, informazioa jasoko dute Eurovelo sareak Europa osoan eskaintzen dituen aukera ugariez. Sare zabala da, Portugalen abiatu eta Eskandinaviaraino joateko aukera ematen duela, edo ta Errusiaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.