Altsasuko auzia

Iruñean egindako manifestazio jendetsuenetariko bat izan da Altsasuko gazteen aldekoa

Antolatzaileen arabera, 50.000 pertsonatik gora elkartu dira, Altsasuko auzipetuentzako justizia eskatzeko. Manifestazioaren buruan, berriz, hainbat pertsona ezagun: besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea. Argazki bilduma

jarraia150842.jpg
arantxa elizegi egilegor
2018ko apirilaren 14a
08:01
Entzun

Goizean goizetik nabaria zen Iruñeko kaleetan gaurkoa ez zela besteak bezalako eguna. Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa  17:30ean abiatzekoa zen arren, asko izan dira goizean goiz hara joatea erabaki dutenak. Gerora eta orduak aurrera joan ahala autobusez eta autoz joandako milaka lagunez bete dira Iruñeko kaleak. Manifestazio burua Gazteluko plazara heltzear zela, amaieran zeudenak Golemetik irteteko zain jarraitzen zuten.

Ordurako minutu batzuk falta zirela, martxaren leloa osatu dute parte hartzaileek: Justizia. Izan ere, Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzek 516 bete dituzte gaur espetxean, eta astelehenean hasiko da, Madrilen, haien eta beste bost gazteren aurkako epaiketa, 2016ko urrian taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskarrengatik.

Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du sei auzipeturentzat; 62 urte eta erdikoa eskatu du zazpigarrenarentzat, eta 12 urte eta erdikoa zortzigarrenarentzat. Terrorismo delitua egozten diete.

Altsasuko gazteen aurkako bidegabekeria salatzeko protestarekin bat egin dutenak milaka izan dira; 50.000tik gora antolatzaileen arabera: "Inoizko manifestaziorik jendetsuena". Hortik manifestazio buruak kaleetan zehar igarotzeko izan dituen lanak. Adibide bat jartzearren, aurrekoak autobus geltoki zaharraren parean zeudenean abiatu dira azken manifestariak Golemen paretik, ordu bat baino gehiago zain egon ostean.

Txaloak guraso eta auzipetuentzat

Gurasoak, pankarta eskuetan, Gaztelu plazara heldu direnean txalapartarekin eta txaloekin hartu dituzte bertan bildutako dozenaka lagunek. "16 hilabete igaro dira, gehiegi. Ezinegonez, beldurrez, estuasunez eta tristuraz betetako hilabeteak... mobilizazioei esker egin dugu aurrera justizia eta askatasunaren aldeko borroka honetan", eskertu du Isabel Pozuetak, Adur Ramirez de Aldaren amak, baina ohartarazi du arriskua hor dagoela, eta Altsasuko gazteek espetxean amaitu dezaketela.  "Nafarroan gertatutakoa Nafarroan epaitu beharko litzateke, eta ez atzerrian salbuespeneko auzitegi batean".

Altsasukoak Aske plataformak ere hartu du hitza: "Gezur asko entzun ditugu. Kautelazko neurriak neurriz kanpokoak dira eta mina egitea dute helburu. Gaur urrats historikoa egin dugu injustiziaren aurrean. Baina hau ez da amaitu. Jarraituko dugu eta zuen guztion beharra behar dugu. Gora Altsasu! Eskerrik asko, bihotzez".

Altsasukoak bezalako gehiegikeriak salatzeaz "aspertuta" dago gizartea, EH Bilduko legebiltzarkide Adolfo Araizen hitzetan: "Taberna bateko liskarra terrorismotzat jotzea hori baita, gehiegikeria, gazteak zigortzea helburu duen estatu baten neurrigabekeria". Asko izan dira protestarekin bat egin duten pertsona ezagunak, besteak beste, Joseba Asiron alkatea, Maria Solana gobernuko bozeramailea, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia edota Mariano Ferrer kazetaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.