Iñigo Alli UPNko diputatuaren galderari erantzunez egin ditu hitz horiek Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Banderek jendea batzeko balio behar luketela nabarmendu du. Horregatik, "gizartea zatitzen aritu beharrean, hura elkartzeko lanari lotzera" dei egin du.
EH Bilduren eta "delirio nazionalistak babesten dituztenen aurrean" egiten duten lana eskertu die UPNri, PPri eta PSNri. Nafarroan "Espainiaren proiektua" defendatzen aritzen direla txalotu du Saenz de Santamariak. Aldaketaren aldeko gobernuak "tesi nazionalistak inposatzen" ari dira Nafarroan, presidenteordearen arabera, eta banderarekin ekin diote bide horri. "Ikurrina errespetatzen den bezala" Nafarroako bandera errespetatzeko eskatu du, "eta, bide batez, Espainiakoa".
Alli diputatuak, berriz, salatu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak hirian jende eta turista gehien dauden unea baliatu duela balkoian ikurrina jartzeko. Horrek ez du herritarren pluraltasuna errespetatzen, haren ustez, baina instituzioei zein "nafar sentimenduei" mespretxu egiten die.