Iruñeko espetxeak ingurumen txostena behar zuen

Espainiako Auzitegi Gorenak txostena egiteari ateak ireki dizkio, baina ez du kokapena ezbaian jarri

Iruñeko kartzela berria, orain lau hilabete eskas inauguratua. IÑIGO URIZ / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Iruñeko espetxeari ingurumen eraginari buruzko txostena falta zaiola. Espainiako Ministroen Kontseiluak tramite horretaz salbuetsi zuen espetxea, baina erabaki hori arrazoirik gabe hartu zuela azaldu du Gorenak. Horrenbestez, espetxea egin zuen enpresak ingurumen eraginari buruzko txostena egin behar izateari ateak ireki dizkio auzitegiak; baina, aldi berean, ez du ezbaian jarri egungo kokapena.

Gorenaren arabera, egitasmo bat ingurumen eraginari buruzko txostena egiteaz salbuesteko, zenbait baldintza bete behar dira, eta Iruñeko espetxe berriaren kasuan ez ziren bete. Besteak beste, Espainiako Ministroen Kontseiluak «premiazkotzat» jo zuen espetxe berria, Nafarroan presoen kopurua gora zihoala argudiatuta. Ordea, Gorenak ez du arrazoi hori frogatutzat jo, eta Iruñeko Udalak zein Sanduzelai Auzo Elkarteak egindako helegitearen zati bat aintzat hartu du.

Ministroen Kontseiluaren jokabidea «okertzat» jo arren, Gorenak ez du ezbaian jarri espetxearen kokapena. Sanduzelai Auzo Elkarteak eskatu zuen espetxeak hartzen duen eremua lehengoratzeko; hau da, espetxea eraitsi eta aurretik zegoen moduan uzteko. Ordea, Gorenak eskaera hori baztertu du. «Posible izan daiteke espetxeak gaur duen kokapena egokia izatea, behin ingurumen eraginari buruzko txostena izapidetzean», argudiatu du.

Ingurumen eraginaren txostena egitasmoaren aurkakoa izango balitz ere, Gorenak ez du ezer aurreratu. «Ez egokitzat» jotzen duen erabaki bakarra Ministroen Kontseiluak hartutakoa da, eta ez gerora beste hainbat erakundek hartutakoak. Horrenbestez, ingurumen eraginari buruzko txostena egitasmoaren aurkakoa balitz dagokionari helegitea jarri beharko litzaiokeela jakinarazi du.

Ekainetik martxan

Espetxea egiteko lanak hasi aurretik ohartarazi zuten babestutako eremu baten laurdena kaltetzeko arriskua zegoela, baita aztarnategi arkeologiko bat ere. Ordea, ingurumen txostena egiteaz salbuetsita egoteak erraztu egin zuen lanekin aurrera egitea. Iruñeko espetxe berriak 504 ziega ditu, eta iragan ekainean inauguratu zuten. Bitartean, Iruñeko espetxe zaharra eraisteko izapideekin aurrera doa Iruñeko Udala, hainbat elkartek eraikinari beste erabilera batzuk emateko egin dituzten proposamenak baztertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.