HEZKUNTZA

Iruñeko gazte baten suizidioak 'bullying'-arekin lotura ote duen ikertzen ari dira

Familiak gutun batean eman du kasuaren berri. Auzitegietako iturrietatik BERRIAk jakin ahal izan du epaileak ikerketa zabaldu duela.

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko maiatzaren 17a
08:13
Entzun

Joan den martxoaren 16an egin zuen bere buruaz beste mutiko batek Iruñean. Espainiako Poliziak hartu zuen ikerketa bere gain. Gaztetxoaren gurasoek gutun bat zabaldu dute, esanez ikastetxean jazarpen kasuen berri izan dutela, eta “guztien laguntza” eskatu dute.

Iruñeko auzitegi bat salaketa ikertzen ari da, iturri judizialetatik BERRIAk jakin duenez. Hezkuntza Departamentua ere jakinaren gainean dago. Estebe Petrizan zuzendari nagusiarekin hitz egin du kazeta honek. Azaldu du martxoaren 16an bertan izan zutela suizidioaren berri, eta departamentuko aholkulariak ikastetxean izan zirela laguntza ematen.

Bullying kasua izan ote zen argitzeko dago oraindik. Departamentuak ez zuen horren berri aurrez, Petrizanen arabera: “Ez zegoen protokoloa martxan”. Orain, kasua Poliziaren eta auzitegiaren esku dagoenez, zain dago departamentua.

Familiak gutunean adierazi du bullying-arekin lotutako “hainbat kasu” izan direla ikastetxe horretan. Hezkuntza Departamentuak baieztatu du iazko ikasturtean eta aurtengoan aholkulariak eskola horretan izanak direla bizikidetzarekin lotutako gaien harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.