AUTOGESTIOA

Iruñeko gaztetxeek salatu dute udalak jarduera eten nahi diela "ordenantzaren aitzakiarekin"

Orain arteko jarrerari "tinko" eutsiko diotela ohartarazi dute Arrotxapeko eta Alde Zaharreko gune autogestionatuek

Iruñeko gaztetxeen ordezkariak, gaur eginiko agerraldian. MARAVILLAS GAZTETXEA
2018ko apirilaren 30a
08:04
Entzun

Agerraldia egin dute gaur goizean Arrotxapeko gaztetxeko eta Alde Zaharreko Maravillas gaztetxeko ordezkariek, azken egunetan pairatutako "erasoa" salatzeko: "Udal ordenantzaren aitzakipean, gure espazioen itxierari ekiteko asmoa dute, berriro ere espazio hutsak bilakatu daitezen. Espazio hilak".

Izan ere, Iruñeko Udalaren Etxebizitza Sailak ohartarazpen bana igorri die, eraikinen segurtasunari buruzko txosten teknikoak oinarri gisa hartuta. Txosten horien arabera, gaztetxeak hartzen dituzten eraikinek "ez dituzte gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen"; hortaz, aisialdiko jarduerak nahiz ikuskizun publikoak arautzen dituen Foru Legean oinarrituta, udalak debekatu egin die gaztetxe barruan ikuskizunak eta bestelako jarduera publikoak antolatzea. Jarduerei eutsiz gero, lokalak ixteko aukera ere aipatzen du udalaren oharrak.

Gaztetxeen arduradunek, berriz, ez dute euren eskaintza eteteko asmorik. "Ez dugu bestelako erasorik onartuko gure espazio edota proiektu autogestionatuen kontra. Ez dugu inolaz ere onartuko gure auzoak antolatzeko, auzolanean jarduteko eta borrokatzeko grina errotik motz dezaten".

Horren aurrean, "desobedientziarako deia" egin dute gaurko ageraldian: "Gaurtik aurrera, saretze soziala suntsitzeko eta asimilatzeko eraiki dituzten lege injustuen aurkako herri desobedientziari ekiteko deialdia luzatu nahi dugu. Komunitatea osatzen eta eraikitzen jarraitzeko hautu irmoa hartua dugu, egitasmoak antolatzen jarraituko dugu, kapitalaren espazioak berreskuratzen eta, kolektiboki, gure auzoak antolatzen".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.