Iruñerriko Euskalgintzaren Bilguneak —AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz eta Administrazioan Euskaraz— «poza» agertu du Iruñeko Udalak hiriko hizkuntza paisaia aldatzeko mozioa onartu duelako. Urriaren 21ean aurkeztu zuten mozioa Iruñeko Udaleko osoko bilkuran Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak, eta hiru horien zein PSNren bozekin atera zen aurrera. Erabaki hori baliatuz, Iruñeko hizkuntza paisaia euskaldundu nahi dute orain erakunde euskaltzaleek. Agerraldi bateratua egin zuten atzo horren berri emateko. Sagrario Alemanek (IKA) «aurrerapausotzat» jo zuen mozioa. Iruñeko karriketako errotulazioan euskararen presentzia bermatzeko,«urrats berria» dela nabarmendu zuen. Horregatik, orain erabakiak Iruñeko ordenantzetan «eragina» izatea nahi dute.
Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea osatzen duten sei eragileen izenean mintzatu zen Aleman. Eskerrak eman zizkien «aldarrikapenaren aldeko apostua» egin zuten 2.638 sinatzaileei eta Iruñeko hizkuntza paisaiaren diagnostikoa egiten lagundu zuten pertsona guztiei. Udalari eta talde politiko «guztiei» ere eman zizkien eskerrak, alderdi guztiek entzun baizituzten Euskalgintzaren Bilgunearen aldarrikapenak, osoko bilkura egin aurretik.
Elkarlanean aritzeko bilkurak
Onartutako mozioak eskatu bezala ordenantzako aldaketak elkarlanean egiteko, alderdi politikoekin bilduko da datorren astetik aurrera Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea.Udalean ontzat hartutako erabakia «gauzatzeko bidean laguntza emateko asmoarekin» deitu dituzte bilkuretara indar politikoak. Era berean, bestelako eragile zein herritarrengana ere zuzendu dira: «Deia egiten diegu bide hau gurekin batera egiteko». Hala, «lehen emandako laguntza» ematen jarraitzeko eskaera egin diete. Bestalde, Iruñean euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak «asko» direla eta erabaki hori bermatzeko «baldintzak sortu behar» direla gogorarazi nahi izan dute. Hizkuntza paisaia aldatzeko lana Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak egindako lehen ekimena izan dela esan dute, baina hemendik aurrera beste batzuk ere izanen direla aurreratu dute. Era horretan, lan hori jorratu nahi duten guztientzat bilguneak «ateak zabalik» dituela nabarmendu dute.
UPN eta PP mozioa onartzearen aurka agertu ziren. Testuak, Iruñeko hizkuntza paisaia erregulatzeko euskara ordenantza «zorrotz» betetzeko, erregulazio hori bermatzeko ordenantzan «beharrezkoak» diren aldaketak egiteko eta aldaketa horiek aurrera eramateko udala eta euskalgintzako taldeak elkarlanean aritzeko eskatzen du.
Iruñeko hizkuntza paisaia euskalduntzeko giltza, prest
Euskalgintzak «pozez» hartu du Iruñeko Udalean hizkuntza paisaia aldatzeko mozioa onartu izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu