Iruñeko espetxe berria ekainaren 5ean inauguratuko dute, datorren asteartean. Zenbait elkartek ekitaldi hori baliatuko dute espetxearen kontrako jarrera dutela jakinarazteko bertan bilduko diren agintariei. Ingurumenarekin lotutako irizpideei, espetxe politikari buruzkoei, eta egungo zigor sistemaren kontrako kritikei beste bat gehitu diote: Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren jokabidea, elkarretaratzea espetxearen aurrean egitea debekatu duelako.
Sanduzelaiko auzo elkarteak, Salhaketak, Subeltzek eta Herrira-k Iruñeko espetxe berriaren aurka egoteko arrazoi ugariren berri eman zuten atzo, ekainaren 5eko elkarretaratzearen aurkezpenean. Sanduzelaiko auzo elkarteak «lardaskeriatzat» jo du Soltxateko lur eremuan egindako lana; hala egin zuen 2008an, obrak hasi zituztenean, eta hala berretsi du inauguratzeko zorian daudenean ere. Lurralde antolaketa eta hirigintza planei kasurik egin gabe, parke publikoa izan behar zuen eremu batean eraiki dutela gogorarazi dute, eta hori herritarrei «lapurreta» egitea dela gaineratu dute: «Parte hartze publikoari muzin egin diote».
Salhaketak eta Subeltzek kritikatu egin dute Nafarroako eta Espainiako Gobernuen arteko hitzarmena apurtu izana. Iruñeko espetxeko eta Nafarroarekin lotura duten presoak batuta bainoleku gehiago egongo direla gogorarazi dute. Ondorioz, espetxea betetzeko ekarriko dituztenen deserrotzea behartuko dute. Bestalde, espetxe berriak gizarteratze sarea gogbeteko duela gaineratu dute.
Herrira-k, berriz, euskal presoen bizitzarekin «jolasean ibiltzeari uzteko» eskatuko dio Jorge Fernandez Diazi, Espainiako Barne ministroari. Presoei ezartzen zaizkien «salbuespen egoera» guztiak bertan behera uzteko eskatu dio; gaixorik dauden presoak eta zigorra bete dutenak kaleratzeaz gain, espetxean jarraituko dutenak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eskatu du Herrira-k.
Elkarretaratzeaz gain, bizikleta martxa bat ere egingo dute datorren asteartean, espetxearen inaugurazioa dela eta. Goizeko hamarretan Iruñeko espetxe zaharretik aterako dira.
Iruñeko kartzelaren aurka egin dute, ikuspuntu askotatik
Salhaketak, Herrira-k, Sanduzelaiko auzo elkarteak eta Subeltz taldeak elkarretaratze bat egingo dute asteartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu