GIZARTEA

Iruñeko polizia etxean hildakoak ez zuen bortxa zantzurik, autopsiaren arabera

Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, azterketa gehigarriak egingo dizkiote gorpuari.

2016ko urriaren 26a
18:35
Entzun

Asteartean hil zen gizonezkoa Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian; Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, ziegara eramateko zain zegoela, konturatu ziren gizonak ez zuela arnasik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen.

Autopsia egin diote gorpuari, eta ez dute indarkeria zantzurik topatu, Nafarroako Auzitegi Nagusiak azaldu duenez. Hala ere, jakinarazi du azterketa toxikologikoa eta histopatologikoa egingo diotela gorpuari, gizona zer dela-eta hil zen zehazteko. Bartzelonan egingo dizkiote probak.

Iruñeko 5. Instrukzio Auzitegia ari da ikerketa zuzentzen. Poliziaren arabera, 13:05ean atzeman zuten gizona, motoan "azkar eta sigi-sagan" zihoalako. Hasieran jarrera "oldarkorra" bazuen ere, lasaitu egin zen gero, "hitz egiteari utziz, eskatzen zitzaionari entzungor egiteraino".

Paperak eta Eskubideak Denontzat, EH11Kolore, SOS Arrazakeria eta Salhaketa elkarteek eskatu dute "berehala argitzeko" gizonezkoa zergatik hil zen. Zehazki, Nafarroako Parlamentuari eta Iruñeko Udalari eskatu diote "argi" posizionatu dadila eta "irmo" eska dezala gertatutakoa argitzea, erantzukizunak eskatzearekin batera. Halaber, salatu dute, atxiloketaren arrazoia edozein dela ere, pertsona hori "Poliziaren zaintzapean" zegoela eta haren segurtasuna bermatu behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.