Sanferminak

Iruñeko Udalak 410 ekitaldi antolatu ditu sanferminetarako

Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %3,5 handiagoa izanen da, eta jardueren kokapenean aldaketak egin dituzte.

Sanferminetako egitarauaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA
Iker Tubia.
2016ko ekainaren 21a
22:00
Entzun

Sanferminetako egitaraua aurkeztu du Iruñeko Udalak gaur goizean. Aurten, "aniztasuna eta parte hartzea" izan dituzte helburu, 410 ekitaldi jasotzen dituen programarekin. Ekitaldien %67 musika jarduerak izanen dira, %22 familiei eta haurrei bideratutakoak, eta %6 zezenketekin loturik daude. Kultur programazioa, komun publikoak eta langileak ordaintzeko 1,95 milioi euro jarriko ditu udalak, eta aurrekontu osoa iazkoa baino %3,5 handiagoa izanen da.

Berritasunen artean guneen kokapena dago. Jazz kontzertuak Compañia plazan izanen dira, Gazteluko plazan berbenak, munduko musiken txokoa Antoniuttin egonen da, eta Sarasate pasealekuan, jotak ez ezik, bertsolariak eta euskal dantzak ere izanen dira. Bestalde, urtero bezala, gazteentzako kontzertuak Foruen plazan izanen dira, haurrentzako jarduerak Askatasunaren plazan eta Carlos III.a etorbidean, eta musika bandek Gurutzeko enparantzan joko dute. Nabarmentzekoa da Askatasunaren plazako txotxongilo emanaldi batzuk euskaraz izanen direla.

Egitarauak astelehenetik aurrera

Aurtengo programa Artworks Comunicacion enpresak diseinatu du, eta argazkietan oinak agertu ditu sanferminetako zoruetan. Besta barnetik bizi behar dela iradoki nahi dute Quim Torrensen argazkiek. 14.000 ale aterako dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz denak, eta bi eurotan salgai izanen dira astelehenetik aurrera. Liburu dendetan, turismo eta informazio bulegoetan eta tonbolan eskuratzeko aukeratzen ahalko dira. Gainera, sakelako bertsioa ere prestatu dute. Horiek 63.000 ale izanen dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo alemanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.