Bigarren urtez jarraian, koronabirusa dela eta, ez da San Fermin jairik ospatuko Iruñean eta Lesakan uztailaren 6a eta 14a bitartean. Euskal Herrian positiboen gorakada nabarmena izaten ari da, eta jende pilaketak ez dira ezohikoak festa giroan. Hain zuzen ere horregatik, Iruñeko Udalak komunikazio kanpaina bat plazaratu du herritarrek arduraz joka dezaten eskatzeko.
Iruñean abian jarritako kanpainaren helburua argia da: gaixotasunaren berragerpenak eragin ditzakeen egoerak eragoztea. Hori dela eta, udalak oinarrizko gomendioak gogorarazi ditu, eta kaleko edanik ez antolatzeko eskatu du ohar baten bitartez. «Covid-19aren aurkako borroka lehentasuna da oraindik ere mundu osoan, eta datuek ez dute aukerarik ematen festa horien moduko ekitaldiak antolatzeko».
Era berean, Lesakako Udalak herritarrei eskatu die zuhurtziaz jokatzeko, batez ere data horietan: «Osasun krisiak ez du ahalbideratzen herriko bestak normaltasunez ospatzera. Jende pilaketak ekiditea eginbehar garrantzitsu bat da oraindik». Ez da ekitaldi ofizialik egingo, eta «guztiz» debekatu du herri eremuan kanpadendak jartzea. Herritarrei beste ekitaldirik ez egiteko eskatu die.