Iruñeko Udalak euskararen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzeko mozioa onartu zuen atzoko osoko bileran. Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak aurkeztu zuten proposamena, eta PSNk babesa eman zion. «Euskararen aldeko borondate handiagoa» eskatu zioten sozialistek UPNri, baina alderdi horren erantzuna mozioaren kontrako boza ematea izan zen. UPNren ustez, ez da Iruñeko kartelen inguruko kexarik. PPNk ere aldaketaren kontra egin zuen bozketan. Hiriko hizkuntza paisaian euskarak eta gaztelaniak toki bera izatea da aldaketaren helburua. Hau da, kaleetako seinaleetan, karteletan eta gisakoetan espazio bera izatea bi hizkuntzek eta antzeko grafia eta koloreak erabiltzea bi hizkuntzetarako.
Bigarren aldia da Iruñeko Udalak antzeko mozio bat onartzen duena. Joan den urrian ere aurkeztu zuten xede bera zuen proposamen bat, eta orduan ere aurrera egin zuen eskaerak. Geroztik, ordea, aldaketarik ez da izan hiriko seinaleetan eta karteletan, NaBaiko, Bilduko eta Ezkerrako zinegotziek nabarmendu dutenez. Oraingo aldaketak udala behartu egiten du euskarari eta gaztelaniari toki bera ematera.
Iruñeko Udalak mozioa onartu du, euskara eta gaztelania parean jartzeko
Ezkerrak, Bilduk eta NaBaik aurkeztu dute mozioa; PSNk babestu egin du, eta UPN eta PPN aurka agertu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu