Udalak sustatutako Iruñeko Energia Operadorea 2019ko urtarrilean jarriko dute martxan. Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Alorreko zuzendari Camino Jasok eta Energia Berdeko Zerbitzuko zuzendari Joël Dozzik azaldu dutenez, proiektua osoko bilkuran eztabaidatuko dute martxoan, eta une horretatik aurrera hasiko da alegazioak aurkezteko epea. Uda baino lehen enpresa sortzeko behin betiko onespena helduko litzateke, eta horren ondoren lege izapideak egingo lirateke eta gerente bat kontratatuko litzateke enpresa abian jartzeko.
Iruñeko Udalaren energia politika koordinatzeko plana aurkeztu dute prentsaurrekoan, eta "energiaren kudeaketa integralaren aldeko apustua" berretsi du Cuencak. "Energiaren udal kudeaketa eredu integral bat, gardena, partizipatiboa eta jasangarria" eraiki daitekeela adierazi du aurkezpenean.
Udalak azterlan tekniko bat egin zuen 2016an energia merkaturatzeko enpresa publiko baten bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko. "Azterlan horretatik ondorioztatu zen bideragarria dela egitasmoa", azaldu dute udal ordezkariek. Horren ostean, txosten juridiko bat ere argitaratu zuten udalaren abokatuek 2017an, eta horren arabera, teknikoki bideragarria ez ezik, juridikoki egingarritzat jo zuten proiektuari merkataritza sozietate izaera ematea.
Energia operadore berriak pobrezia energetikoari aurre egiteko balioko duela nabarmendu du Cuencak: "Gizarte zerbitzuek 205 familiaren elektrizitate ordainagiriak ordaindu zituzten 2016an, guztira 35.517 euroan. 2017an, 239 familiak jaso zuten laguntza, 49.871 euroan". Beharrak dituzten familia horiek elektrizitatez hornituko ditu operadore publikoak, heldu den urteko urtarriletik aurrera.
Bestalde, operadoreak aukera emanen dio udalari hirian "energia berriztagarria eta tokikoa sortzeko, proiektu berriak gauzatzeko, herritarren partaidetza ere baduten instalazioak egiteko, eta udalaren izenean dauden berriztagarrien instalazioak era integratuan kudeatzeko, energiaren sektoreko enpresa handien menpe egon beharrik gabe".