Lehenaz gain, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak giroa berotu zuen atzo, Iruñean esandakoekin. Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak hobitik ateratzea erabakita dauka Iruñeko Udalak, eta erabakia ez zaiola batere gustatu argi azaldu zuen Barne ministroak, batzuk gerra orain irabazi nahi dutela esanda.
Giroa gaiztotuta zegoen lehendik ere. Iruñeko Udalak erabakia hartu zuenetik behin eta berriz agertu baitira pintaketak, eta gaur ere, halaxe gertatu da. Artika herriko kiroldegiaren atarian agertu dira. Abertzaleen kontra egiten dute, eta "zurien boterea" aldarrikatu.
Pintaketa nazi gehiago Iruñerrian. Oraingo honetan, Artika herriko kiroldegi parean @berriapic.twitter.com/Fi5RKCqoIu
— Ion Orzaiz (@IonOrzaiz) 2016(e)ko irailak 22
Iruñeko Udalak erabakia hartu eta biharamunean agertu ziren aurreneko pintaketak, irailaren aurrenean. Zuzenean Asironi egin zieten erreferentzia orduko haiek: Asiron, ausartu hadi bizidunekin. Eta pintaketak agertu ziren egun berean, altxatu ziren erabakiaren kontrako ahotsak. Batetik, Sanjurjoren familiak egin zuen protesta, Iruñeko Udalaren erabakiaren kontra. "Oinarrizko eskubideak" urratu egin direla salatu zuten: "Gure familia eta bere memoria laidoztatu dituzte". Eta UPNk erabakiaren gainerako espedientea eskatu zuen: "Asironekin ez gara fidatzen".
Aurreneko pintaketa horiek segida izan dute gero. Hilaren 13an berriz ere Asironen kontrako pintaketak agertu ziren. Gainera, egun horretan German Rodriguezen omenezko plaka Espainiako banderaren koloreekin margotuta agertu zen.
Eta gauza bera errepikatu zen hilaren 18an eta 21ean. Bi horien tartean, hilaren 20an, Mola eta Sanjurjo hobitik ateratzearen kontra agertu ziren UPN eta PP Nafarroako Legebiltzarrean. Gainerako taldeen botoekin, legebiltzarrak babesa eman zion Iruñeko Udalaren erabakiari.