Irungo Ogasuneko epaiketa bertan behera uzteko eskatu du Bravoren defentsak

Gipuzkoako Ogasunari 8 milioiko iruzurra egitea leporatuta epaitzen ari dira Irungo bulegoko buru ohia

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoan 90eko hamarkadan izandako iruzurrari buruzko epaiketa bihar arte eten dute. Atzo hasi zen ahozko saioa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta han izan ziren hiru auzipetuak: Jose Maria Bravo Irungo bulegoko zuzendari ohia (1995-2004), Rosa Cobos haren emaztea eta Javier Atristain Bravoren kide kapitalista. Atzoko saioan, epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen Bravoren defentsak, prozesuan hainbat prozedura akats izan direla argudiatuta. Hori onartu edo ez aztertzen ari da Auzitegiko presidente Iñaki Subijana buru duen epaimahaiak.

Besteak beste, funts publikoak bidegabeki erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea leporatu diete hiru auzipetuei. Akusazioen arabera, Jose Maria Bravo da Ogasunean egindako 8 milioi euroko iruzurraren erantzule nagusia. Ikerketaren arabera, ia bi milioi euro bideratu zituen bere poltsikora, eta Cobos eta Atristainen laguntzarekin zuritu zuen diru hori.

Akusazioak —diputazioak eta Batzar Nagusiek— eta Fiskaltzak 30 eta 24 urteko espetxe zigorra eskatu dute Bravorentzat. Hasieran, Fiskaltzak eta Bravok akordioa lortu zuten bederatzi urteko espetxe zigorra onartzeko, baina Gipuzkoako erakundeek ez zuten onartu hori, eta jarritako salaketari eustea erabaki zuten.

Aurkeztutako baliogabetze eskaeran, defentsak argudiatu du Gipuzkoako Ogasunak ez zuela formalki diziplina espedientea ireki Bravoren jokabidea aztertzeko, eta, hori dela eta, uste du bermeak errespetatu gabe bildu zela aldundiak Fiskaltzaren esku utzi zuen informazioa. Era berean, adierazi du Fiskaltzak bere gain hartu zituela instrukzio epaileari zegozkion lanak, eta nabarmendu du Bravori leporatzen zaizkion delituetako batzuk preskribatuta daude-la.

Auziaren alde politikoa

Jose Maria Bravo bere anaia Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari nagusi ohiaren (1991-2003) eta EAJko senatari izandakoaren (2004-2007) eskutik iritsi zen Irungo bulegoko zuzendaritzara. Ogasunarekin zorrak zituzten herritarrei diru kopuru bat eskatzen zien Bravok, zor hori gutxitu, kitatu edo hori ordaintzeko gai ez zirela argudiatu ahal izateko. Hori egitearen truke inputatuek 1,9 milioi euro eskuratu zituzten, eta Ogasunak 8,1 milioi euro utzi zituen jaso gabe. Fiskaltzaren ikerketaren arabera, hainbat enpresaren bitartez zuritu zuen Bravok poltsikoratutako dirua, Cobosen eta Atristainen laguntzarekin. Enpresa horietako batzuk beste auzi batean ikertzen ari dira, eta auzi horretako inputatu nagusia da Victor Bravo—EAJko senatariak dimisioa eman zuen Fiskaltzak Irungo Ogasuneko auzian salaketa jarri zuenean, 2007an—.

2009an, Batzar Nagusiek aurreneko auziari buruzko batzorde bat osatu zuten, iruzurra egin zen garaiko arduradun politikoen erantzukizunak zehazteko. Zazpi kargudun politiko seinalatu zituzten; tartean, Antton Market Ogasuneko foru diputatu ohia eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusi izandakoa. Hala ere, ez zuten horietako inoren aurka salaketa jarri, auzian agertzen ziren arren.

ETBn eginiko elkarrizketa batean, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak Gipuzkoako Ogasunean izandako iruzur kasuak «azkeneraino» ikertzeko eskatu du. Berretsi egin du EAJk ez duela auziokin zerikusirik, eta esan du «erabat lasai» daudela. PSE-EEk, berriz, epai «eredugarri» bat eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.