Irungo (Gipuzkoa) trenbide antolaketa berriak 145.000 metro koadroko eremu bat sortuko du hirigunean. Hain zuzen ere, egungo trenbide eremu batzuk libre uzteaz gain, hirigunea zeharkatzen duten burdinbideak estaltzea hitzartu dute Espainiako Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak, Adifek, Renfek, Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek. Tamainaz Gipuzkoako bigarren hiria denaren hirigintza egitasmo erraldoiaren funtsak ezarri zituzten atzo,Irungo trenbide eremuaren berrantolaketa egiteko protokoloaren bitartez. Itun horrek abiadura handiko trena Irunera hel dadin beharrezkoak diren ikerketa tekniko eta ekonomikoak garatzea ekarriko ditu, baita trenbide azpiegitura hirian integratzeko lanak eta geltoki intermodalaren egitasmoa ere. Ituna sinatzeko ekitaldira Jose Blanco Espainiako Gobernuko Sustapen ministroa etorri zen; ondoan izan zituen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoeta Irungo alkate Jose Antonio Santano.
Geltoki intermodala izango da protokoloaren barruan gertatuko diren aldaketa nagusiak irudikatuko dituen egitasmoa. AHTa, Euskotren, aldiriko trenak eta autobusak bateratuko ditu, atzoko akordioaren arabera. Intermodalaren kokapena adierazgarria izango da, burdinbideen gainean eraikiko baita. Geltokiaz gain bestelako ekimenak ere hartuko ditu eraikinak, eta aparkalekua ere izango du. Protokoloaren hasiera bateko garapenaren arabera, geltoki intermodala 2016 urterako prest egon daiteke.
Trenbide eremuaren berregituraketarekin batera libre geldituko den eremuaren antolamendua ere hitzartu dute eragile guztien artean. Hain zuzen ere, eremu horren kudeaketa egitasmoa finantzatzeko tresna ezinbestekoa izango da. Libre utzitako eremu horietan eraikitzen diren hirigintza egitasmoenbitartez ordainduko da, neurri handi batean, trenbideen berregituratzea. Egitasmoak bere burua finantzatzeko ahalmen handia duela jakinarazi du Irungo Udalak.
Protokoloa sinatu duten instituzio eta erakunde bakoitzaren eginbeharrak honakoak izango dira. Espainiako Sustapen Ministerioa, hiriburu guztietan egin duen bezala, AHTa hirian sartzeak ekarriko duen inbertsioaz arduratuko da. Eusko Jaurlaritza Euskotren linea geltoki intermodalera eramateko lanak ordaintzeaz arduratuko da. Gipuzkoako Foru Aldundia GI-636 errepidea trenbide eremutik izango duen bide berriaz arduratuko da, baita geltoki intermodalaren autobus garraioaz ere. Irungo Udalak lur batzuk jarriko ditu, eta horien bidez lortutako mozkinak ere bai. Azkenik, Adif, Renfe eta Euskotrenek berrantolaketaren ondorioz libre geldituko diren lurrak emango ditu.
San Andres tunela, zulatuta
Irungo trenbide eremuaren berrantolaketaren protokoloa sinatu aurretik, abiadura handiko lanetara bisita egin zuen Jose Blanco ministroak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarekin eta Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin batera. 718 metro luze den San Andres tunelaren zulaketa bertatik bertara jarraitu zuen Iurretan (Bizkaia). Gasteiz eta Bilbo arteko AHTaren bideko hamabost zatietatik hamahirutan lanean ari direla gogorarazi du Blancok, eta 2011an azken biak abiaraziko direla gaineratu du; apirilean Elorrio-Atxondo zatia 64 milioi eurotan lizitatuko du.
Irungo trenbide antolaketa berriak 145.000 metro koadro itzuliko dizkio hiriari
Jose Blanco Sustapen ministroa lanak egiteko protokoloa izenpetzera etorri da; AHTko obrak ere bisitatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu