«Etxegabetze bat etxegabetze bat da, bere gordinean, Iruñeko Udalak huste eta gisako beste eufemismo batzuekin estali nahi badu ere». Gogor mintzatu da PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataforma, Navarra Sumak gobernatzen duen erakundearen kontra. Udalak aginduta, hamalau pertsona kalean utzi zituen atzo udaltzaingoak, alarma egoeran etxegabetzeak debekatuta egonda ere.
Atzo arratsaldean zabaldutako ohar batean, udalak argudiatu zuen hura ez zela etxegabetze bat izan, «okupatutako udal eraikin baten hustea baizik». Zehazki, udalak Kale Nagusian duen etxebizitza bloke batean bizi ziren pertsona horiek, behin-behinean. Kaleratutako familien arabera, bi hilabete zeramatzaten hor, udaltzaingoak bazuen beren egoeraren berri, eta ziurtatu zieten udal etxebizitzan gera zitezkeela, konfinamendu garaia bukatu arte.
Udalaren bertsioa oso bestelakoa da: eraikina astelehenean bertan okupatu zutela argudiatu du, eta udaltzainen jokabide «eredugarria» azpimarratu. «Udaltzaingoko agenteek bitartekari lana egin dute, hustea istilurik gabe egin zedin, eta okupatzaileak itzuli dira etorri ziren tokietara, horietako batzuk Jesus eta Mariaren aterpetxera», irakur daiteke udalaren oharrean.
Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformarentzat, ordea, berdin dio pertsona horiek zenbat denbora zeramaten eraikinean bizitzen: «Bizi dugun ezohiko egoera aintzat hartuta, pertsonen etxebizitzarako eskubidea bermatu beharko litzateke beste ezeren gainetik, haien segurtasuna (eta gu guztiona) zaintze aldera».
Etxe kaleratzea gauzatuta Navarra Sumak alarma egoera arautzen duen Errege Dekretua urratu duela salatu du plataformak, «etxegabetze bat ezin baita gauzatu etxebizitzaren okupatzaileen defentsarako eskubidea bermatu gabe». «Kasu honetan, ez da egon ez txosten administratiborik, ez prozesu judizialik, prozedura horiek guztiak etenda baitaude alarma egoera ezarri zenetik».
EH Bildu eta Ahal Dugu, azalpen eske
Ahal Dugu alderdiko legebiltzarkide Mikel Builek txarretsi egin zuen atzo Iruñeko Udalaren jokabidea. Gaur, auzitan jarri du bertsio ofiziala, ohar baten bidez: «Etxegabetze bat makillatu nahi du Navarra Sumak, beste kontzeptu batzuk erabiliz. Haien kontakizuna ez dator bat guk jaso dugun informazioarekin, eta azalpenak eskatuko ditugu».
EH Bilduko Iruñeko udal taldeak ere azalpenak eskatu ditu udalbatzan, Enrique Maia alkatearen gobernu taldeak alarma egoeraren dekretua urratu eta udala egoera juridiko «prekarioan» utzi duela iritzita. «Iruñeak etxegabetzerik gabeko hiri izan behar duela deritzogu; kasu honetan, gainera, indarrean da etxegabetzeak debekatzen dituen salbuespenezko araudia, eta gisa honetako operazio batek egoera oso prekarioan utzi du udala». Horrez gain, herritarren oinarrizko eskubideak urratu izana ere gaitzetsi dute, «noiz eta gutxien dutenen zaurgarritasuna larriagotu duen salbuespen egoera batean».
Koalizio abertzaleak Navarra Sumari eskatu dio «ekintza plan bat» gara dezala, familia horien egoera zaindu eta beren ongizatea bermatua egon dadin.
Etxegabetze prozesua kudeatzeko modua ere kritikatu du EH Bilduk. Koalizioaren irudiko, «eskuineko hirukoak alde bakarretik erabaki du dena», oposizioko taldeei informaziorik eman gabe. «Beste behin ere, gobernu talde honek udalbatzaren gehiengoa baztertu du, aldebakarrez eta arduragabeki jokatuz». Hori dela eta, «ardura politikoak» eskatuko ditu EH Bilduk, «udalak legea urratu duela frogatzen bada».