Isabel Velezen semea hilketaren errudun jo dute

Herri epaimahai batek epaitu du gaztea asteon, ateak itxita; kartzelara ez dute sartuko, erietxe psikiatriko batera baizik

Isabel velezen hilketa salatzeko protesta bat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zinpekoen epaimahaiak hilketaren erantzule jo du Isabel Velezen semea: ama defendatzeko aukerarik eman ere egin gabe hiltzearen errudun jo dute epaimahaiko kideek. Aho batez hartu dute erabakia. Nolanahi ere, frogatutzat jo dute gazteak buruko gaixotasun bat daukala, eta, beraz, ez dute kartzelara sartuko. Fiskalak eskatu du sartzeko gaztea zentro psikiatriko batera hogei urtean.

Asteartean hasi zuten gaztearen aurkako epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Ateak itxita egin dituzte auzi saioak, senideek hala eskatuta; kasuaren «inguruabar bereziak» kontuan izanda hartu zuten erabaki hori epaimahaiko kideek. Bi egunean amaitu dute epaiketa, eta denbora gutxi behar izan dute erabakia hartzeko. Fiskalak hasierako eskaria apaldu egin du: gaztea zentro batera 25 urtez sartzeko eskatu zuen epaiketa hasi aurretik; orain hogei urteko zigorra galdegin du. Epaimahaiaren erabakiarekin, epaileak jarriko du zigorra.

Isabel Velez 2010eko otsailean hil zuen semeak, kolpeka. Liskarrak maiz izaten zituzten, eta urruntzeko aginduak ere jarri izan zizkioten semeari. Zentro batean zeukaten erasoa egindakoan ere; baimen bat aprobetxatuz joan zen etxera eta hil zuen ama.

Protesta sanferminen atarian

Gipuzkoako Diputazioak kanpaina bat egingo du gizonak eta andreak pareko onartzen ez dituzten lekuen eta ekitaldien aurka. Bazterketa «mingarrienak» azalarazi nahi dituztela adierazi du Laura Gomez Berdintasun zuzendariak; Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileak, andreei sarbidea galarazten dieten elkarteak eta emakumeak zaintzarekin lotzea jarri ditu adibide.

Hain zuzen ere, sanferminen atarian, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Iruñean, Astelehen Lilek deituta. Jaietan izaten diren erasoak salatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.