PSE-EEk omenaldia egin behar dio gaur Isaias Carrasco alderdiko militante eta zinegotzi ohi zenari, Arrasaten (Gipuzkoa), ETAk hil zuen toki berean, atentatua gertatu eta lau urte bete direnean. Etxe aurrean hil zuen ETAk, Espainiako Gorteetako hauteskunde kanpainan.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Bildu) herenegun jakinarazi zuen ez duela parte hartuko omenaldian. Batetik, jakinarazi zuen ez dutela gonbidatu, eta, bestetik, ez duela «azterketa etengabe batean» parte hartuko. Azaldu duenez, «liskarrik ez sortzeko» ere erabaki du PSE-EEk Carrascori egin behar dion omenaldira ez joatea. «Ez dut surik sortu nahi, ezta inor molestatu ere».
Bilduko koalizio kide Pello Urizarrek, bestalde, jakinarazi du EAko ordezkaritza bat omenaldian izango dela. Berak ez duela parte hartzerik izango adierazi du EAko idazkari nagusiak, baina alderdiko ordezkaritza izango dela.
Nolanahi ere, omenaldi hori «eztabaida politikorako gai» bihurtu dela salatu du. «Ekitaldi honek ez zuen bilakatu behar inori joango den edo joango ez denaurpegira botatzeko arrazoi». Omenaldia «alderdi batek antolatutako ekitaldi politiko» bihurtzea ere kritikatu du Urizarrek. Nolanahi ere, Carrasco zena «beste biktima bat» dela narbarmendu du, eta «errespetu osoa» zor zaiola ere esan du. «Omenaldia besteei kontra egiteko erabiltzen bada, biktimaren errekonozimenduari berari kalte egiten zaio», gaineratu du EAko idazkari nagusiak.
Lore eskaintza egingo diote Carrascori; haren alaba Sandra Carrascok hitza hartuko du, eta gauza bera egingo du Iñaki Arriola Jaurlaritzako sailburuak ere.
Isaias Carrascoren omenaldian izango da EA; Garitano, ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu