«Isiltasun ituna» proposatu die Urkulluk beste alderdi politikoei

Egoerari buruzko interpretaziorik ez egiteko eskatu du, ETAk eta ezker abertzaleak euren jarrera argitu arte

Erredakzioa
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
ETAren balizko amaierari buruzko «isiltasunezko ituna» proposatu die Iñigo Urkulluk beste alderdi politikoei. EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak dio azken asteotan buruzagi politiko batzuk «gehiegizko ilusioa» pizten ari direla gai horren inguruan. Urkulluren irudiko, baina, gaur-gaurkoz ETAren aldetik ez dago indarkeria utziko duen iragarpenik, ezta ere ezker abertzalearen aldetik «behin betiko» mugimendurik.

Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak esan du azkenaldian hausnarketa egin duela «hedabideetan argitaratzen ari den guztiari buruz». Ondorioztatu duenez, sortutako ilusioa «argitasun faltaren» emaitza da; gisa horretako adierazpenak «kaltegarriak» izan daitezkeela uste du Urkulluk. «Itxaropena sortzen ari da, itxaropena kakotx artean. Izan ere, buruzagi batzuek, askotan alderdi berekoak, fundamentu handirik gabeko hainbat gauza esan dituzte, zehaztasun eta argitasun handirik gabe».

Hori dela eta, gai horren inguruan isilik egotea proposatu die gainontzeko alderdi politikoei, mahai gainean «gauza mamitsuak» egon arte. «Isiltasunezko itun hau proposatuko nieke talde politiko guztiei, joko honetatik irten gaitezen eta beste batzuek egin behar dutena erne dadin eta fruituak eman ditzan», esan du ETAri eta ezker abertzaleari erreferentzia eginez.

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ETAren indarkeriaren amaiera «uste baino gertuago» dagoela esan ondoren egin ditu adierazpenok Urkulluk. ETAk Gabonetan su-eten egiaztagarria iragarriko duela esan zuen Egigurenek.

Egigurenen jarrera

PSE-EEko buruzagiaren hitzekerreakzio soka luzea ekarri dute. Ramon Jauregi Espainiako Gobernuaren Presidentziako ministroaren arabera, Egigurenek «oso jarrera pertsonala» dauka euskal gatazkaren inguruan. Hori hala, Jauregi ez dator bat PSE-EEko buruak egin duen iragarpenarekin. «Ez dut uste ETA horren azkar desagertuko denik. Atze-oihal baten moduan egongo da presente. Ez da orain arte bizi izan dugun modu tragikoan izango, seguruenik; hildakoak eragiten ez duten atentaturik gabe izango da».

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak ere azalpenak eman ditu Egigurenen hitzen inguruan. «Egigurenek berak azkenaldian ohartarazi du gehiegizko baikortasuna dagoela». Hortaz, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die Mendiak alderdiei. «Bake itxaropena ez dugu errealitatearekin nahastu behar. Gaur-gaurkoz ETAk ez du armak uzteko erabakia hartu».

Kritika gogorrenak PPren aldetik jaso ditu Egigurenek. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak PSOEren Lurralde Kontseiluari eskatu dio Egigurenen hitzak «gaitzesteko». Cospedalen arabera, buruzagi sozialistak «adierazpen kontrajarriak» egiten ari dira; haren irudiko, horrek agerian uzte du sozialistak berriz ari direla «maite jolasean» ezker abertzalearekin.

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, esan du Egigurenen «beste hutsegite bat» direla adierazpen horiek.

Yolanda Barcina UPNko presidenteak, berriz, uste du alderdi sozialistaren «zalantzak» agerian geratzen ari direla. «Besteok ez dakigun zerbait dakitela dirudi», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.