Israelgo armadak bakartu egin du Nabulus, Zisjordanian, gaur goizaldean kolono familia bateko bost kide hil dituenaren bila. Goizan hogei pertsona atxilotu dituzte militarrek lehenik, baina gero hiri osoa itxi dute, Maan albiste agentziaren arabera, edozein palestinarri sartzea eta ateratzea debekatuz.
Azken hilabeteetan hutsik utzi dituzten kontrol postuak hartu ditu berriro armadak, eta inguruko zenbait herri ere hartu ditu, Awarta esate baterako, etxeratze agindua ezarriz. Armadak "eremu militar itxia" izendatu du inguru guzti hori. Oraingoz ez dira operazioaren inguruan xehetasunak ematen ari. "Erasoaren erantzuleen ehiza hasi dugu, eta aurkituko ditugu", esan du Avi Mizrahi armadaburuak.
Goizaldean izan den erasoa 2008ko martxotik gertatu den larriena da. Orduko horretan palestinar bat Jerusalemgo eskola batean sartu eta zortzi ikasle hil zituen, tiroz. Gaurkoan aizto batekin hil dituzte kolono familiako bost kideak, Itamar izeneko kolonian. Horren ostean, militarrez oldarraldiaz gain, hamarka kolonok zenbait herri palestinar erasotu dituztela jakinarazi du Wafa albiste agentziak, beste batzuen artean, Hawara, Burin eta Asira.