euskal presoak

Istiluak izan dira Hernanin presoen aldeko ekitaldien debekua salatzeko ekimenean

Ertzainek kargatu egin dute, eta AAMk dio pertsona bat atxilotu dutela. Grande Marlaska epaileak futbol torneoa, herri bazkaria eta mus txapelketa debekatu zituen, "terrorismoa gorestuko" zutelakoan. Lagun batzuk futbolariz jantzita agertu dira Tilosetara.

2009ko irailaren 5a
18:04
Entzun
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaurko Hernanin (Gipuzkoa) euskal presoen alde antolatuta zeuden ekitaldiei buruz emandako debekua salatzeko hainbat lagun Tilos plazara azaldu dira, eta istiluak izan dira jendearen eta ertzainen artean.

Futbol torneoa, herri bazkaria eta mus txapelketa debekatu zituen epaileak, "terrorismoa gorestuko" zutelakoan, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi du lagun batzuk futbolariz jantzita agertu direla Tilosetara eta ertzainak oldartu egin zaizkiela. "12:00etan futbolariz jantzitako eta baloi handiekin herritar ugari Tilosetan bildu dira, debekuei umoreaz eta aldarrikapenaz aurre egiteko asmoz. Bertara Ertzaintza azaldu ondoren gazte bat identifikatu dute, eta tentsio une batzuen ondoren Ertzaintzak alde egin du bertatik. Futbolariz jantzitakoek herrian jarraitu dute aldarrikapenak zabaltzen. 13:00ak inguruan Ertzaintza berriro hurbildu da Plaza Berrira eta gogor jo du bertan zeuden herritarren aurka. Pilotakadak, porrazoak... Gazte bat atxiloturik eraman dute eta beste hainbat herritar bortizkeria handiz jo dituzte. Une honetan Ertzaintzak Plaza Berri inguruak okupatuak ditu".

Lekuko batek BERRIA.INFOri adierazi dionez, ertzainak pertsona bat atxikitzen saiatu dira, lagun horrek askatzea lortu du baina ertzainek hiru-lau metrora pilotakada bota diote, gerrialdean jo dute eta pertsona horrek larrialdi zerbitzuetara joan behar izan du.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan du pertsona batzuk aulkiak bota dizkietela ertzainei, kale bat moztu dutela eta poliziek orduan kargatu dutela. Horretaz gain, inor ez dutela atxilotu adierazi du, baizik eta lagun bat identifikatu dutela.

Marlaskak esan zuenez, ekitaldien deialdiaren kartelean Askatasuna legez kanpoko erakundearen logoa agertzen zen eta "amnistiaren aldeko" jartzen zuen. Epailearen iritziz, "jolas jardunak diren arren, helburu bakarra dute: presoak omentzea".

Jaurlaritzako Herrizango Sailari, Ertzaintzari eta Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari ekitaldiak ez egiteko beharrezko neurriak hartzeko eskatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.