Istripuak eragozteko, sakabanaketa amaitzeko eskatu dute trafiko egoitzan

Herrira-k Iruñean protesta bat egin du, 'Sakabanaketak hil egiten du. Mariano, jar iezaiozu galga' leloarekin

Herrira mugimenduko kideek atzo Iruñeko Trafiko Zuzendaritzan egin zuten protesta ekintza. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Trafiko Zuzendaritzak Iruñean duen egoitzara joan, eta auto istripuak nabarmen gutxitzeko «neurri erraz bat» proposatu du Herrira-k: «Euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera utz daitezela, euskal presoakEuskal Herrira ekar ditzatela eta senideek errepideetan izaten duten odolustea behingoz amai dezatela».

Trafiko Zuzendaritzak auto istripuak gutxitzeko egiten dituen kanpainetan erabili ohi dituen leloen antzekoa pankartan idatzita egin dute eskaria Herrira mugimenduko kideek. Sakabanaketak hil egiten du. Mariano, jar iezaiozu galga, idatzirik zuen pankartak. Behealdean, iraulita eta erabat txikituta dagoen auto baten argazkia. Duela bi aste Granadako espetxean bisita egin ondoren, hiru presoren senide eta lagunek izandako auto istripuaren irudia da. Leloaren eta argazkiaren tartean, istripuaren arrazoiak idatzi dituzte.

Megafonotik ere kontatu dute presoen senide eta lagunek asteburu guztietan izaten dituzten gorabeherak. Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta 650 euskal preso daudela azaldu dute. Horien senide eta lagunek, astebururo-astebururo 1.000, 1.500 eta 2.000 kilometro ere egin behar izaten dituztela senidea 40 minutu ikusi ahal izateko.

Sakabanaketa duela hogei urte ezarri zutela eta ordutik senideek 400 auto istripu baino gehiago izan dituztela azaldu du SergioLabaien Herrira-ko kideak, eta hamasei senide eta lagun hil direla errepideetan. Aurten zortzi istripu izan dituztela azaldu du, eta hiru oso larriak izan direla.

Horixe azaltzen ari zen bitartean, ostirala izanik senide eta lagun asko ordurako errepidean egongo zirela azaldu zuen; beste ehunka beranduxeago abiatuko zirela milaka kilometro egitera. «Besarkada bero bat» bidali zien horiei guztiei. Kontu handiz ibiltzeko eskatu zien gidariei Trafiko Zuzendaritzaren egoitzatik, eta «tortura hau lehenbailehen amaitzea nahi duen gizartearen gehiengoaren babesa» azaldu. Egoera alda dadin, mobilizatzeko eskatu zien herritarrei. Bide horretan, hurrengo larunbatean plazak betetzeko deia egin zuen.

197/2006 doktrina, beste biri

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, beste bi presori luzatu diete espetxealdia, 197/2006 doktrina ezarrita. Josune Onaindia Barakaldoko presoa 1992an espetxeratu zuten, eta 2012ko ekainaren 9rako zeukan kaleratzeko eguna. Doktrina ezarri, eta 2022ra arte luzatu diote zigorra. Asier Ormazabal hernaniarra, berriz, 1997an kartzelatu zuten. Kaleratze eguna finkatu aurretik ezarri diote doktrina, eta ez diote zehaztu noiz kaleratuko duten.

Bestalde, Ibon Iparragirre ondarroarra etxean dago berriz. Igandean Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten epilepsia krisiak jota, eta senda-agiria eman diote. Iparragirre espetxealdia etxean betetzen ari da, gaixotasun larri bat duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.