ERREPIDEAK

Istripuetan hildakoak %43 gutxitu direla dio Jaurlaritzak

Nafarroako Gobernuak ez du datuen aurkezpen ofiziala egin; Foruzainen arabera 88 lagun hil dira

Anakoz Amenabar.
GASTEIZ
2004ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan gero eta istripu gutxiago gertatu badira ere, Hego Euskal Herriko datuak kontrajarriak dira. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideek inoizko daturik onenak izan dituzte aurten. Hala azaldu zuten atzo Eusko Jaurlaritzako arduradunek: 2004ko zirkulazio ezbeharretan 97 pertsona hil dira oraingoz, iaz baino 75 gutxiago. Trafiko zuzendari Jesus Aranak aurkeztu zituen datuok atzo Gasteizen. Baikor. Datuen aurkezpen ofizialik ez du eginoraindik Nafarroako Gobernuak, baina Foruzainen arabera, aurten 88 lagun hil dira. Iaz baino gehiago, iaz 80 hil baitziren.

2003ko datuekin alderatuta, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian %43 gutxitu da aurten auto istripuetan hildako pertsonen kopurua, azken hamarkadako beheranzko joerari eutsiz. Aurten izan diren 87 istripuetan 97 pertsona hil dira. Iaz ,berriz, 144 ezbeharretan 172 hil ziren. Lurralde ezberdinei dagokienean, Bizkaiko errepideetan izandako istripuetan hil dira pertsona gehien, 38. Gipuzkoan, berriz, 35, eta Araban 24. Hala, Jaurlaritzako agintarien arabera, daturik onenak dituzten Europako sei herrialdeen artean agertzen da Euskal Autonomia Erkidegoa, Alemaniarekin edo Danimarkarekin batera.Datu aipagarrienen artean 2004 urteko irailean Bizkaian izandako ezbeharretan inor hil ez izana nabarmendu zuen Trafiko zuzendariak, pozik. Jaurlaritzak istripuen inguruko datuak biltzen dituenetik, lehendabiziko aldia da hau halakorik gertatzen dela. Nafarroan, hilabeterik kaskarrena maiatza izan zen; 15 lagun hil ziren.Aranaren aburuz, aurten, gehiegizko abiaduraren kontra jarritako kanpainek eman dutefruitua. «Gizartearen zati handi batean abiadura desegokiaren kontrako sentimendua azaleratzen lagundu digute kanpainek», azaldu zuen. «Dagoeneko inork ez du txalotzen Madrildik Gasteizera hiru ordutan etortzea». Alkoholemia kontrolek eta radarrek ere eragin dute.

Abiadura arazo

EAEko auto istripuetan hildakoen profila mantendu egin da azken urteotan. Gehiegizko abiadura da, oraindik, faktore nagusia istripuetan, eta 25 eta 44 urte bitarteko gizonezkoa da, kasurik gehienetan, autoko gidaria.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak azaldu moduan, ezbeharretan hildakoen %77 gizonezkoak ziren, eta %23 emakumezkoak. Gehiegizko abiadura da istripuak gertatzearen arrazoi nagusia, larunbat eta igandeetan hildakoak eragiten dituzten istripuak bikoiztu egiten dira.

Hildakoen artean %58 gidariak dira, %27 bidaiariak eta gainontzeko %15 oinezkoak. Nafarroan denera 20 lagun hil dira automobilek harrapatuta. Gehienak adineko pertsonak izan dira, 65 urtetik gorako gizo-emakumeak.Beste alde batetik, iragan asteburuan elurrak errepideetan sortutako kalteen inguruan, autoak «pilatu» ordez irtenbideak bilatu behar izan zirela nabarmendu zuen Aranak. «Lasaitasunez ikusi beharko da zer gertatu den, baina ez dut uste auto gidariek katerik ez izatea denik arazo nagusia», adierazi zuen .

-

PLAN ESTRATEGIKOA



 

Bide segurtasunerako egitasmoaren emaitza dira datuak, Jaurlaritzaren ustez





Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Jesus Aranaren aburuz, Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoari esker lortu da azken urteotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan egoerak hobera egitea. 2003-2006 artean auto istripuetan hildakoen kopurua %20 jaistea zen erronka nagusia.«Plan Estrategikoaren helburu nagusia errepideetan hildakoen kopurua %20 gutxitzea zen, eta lortu dugu», nabarmendu zuen Aranak. Egitasmoarekin laguntza eskaintzen zaie Bide Segurtasunerako Batzordean parte hartzen duten erakunde publiko eta pribatuei. Zortzi lan talde antolatu, eta 19 helburu zehatz finkatu ziren, gidarien beharrak kontuan hartuta. Egitasmoak eman ditu bere emaitzak, dagoeneko. Izan ere, Aranak gogoratu zuen bezala, bide segurtasunean dagoeneko Europako herrialderik aurreratuenen pare jarri da EAE, eta bide berean jarraitu nahi da. Aurreko urteetan, milioi bat biztanleko 99 hildako baino gehiago izan ziren, baina aurten 70 inguruan mantentzea lortu da. Oraindik ere bada non ikasia eta zertan hobetua, ordea: Erresuma Batuak, Suediak eta Holandak jarraitzen dute bide segurtasunean garaile izaten. Datuak aski argigarriak dira. Europako herrialde horiek 90. hamarkadaz geroztik, milioi bat biztanleko 100 hildako baino gutxiago zituzten, eta 2000 urteaz geroztik, berriz,60 lagunera ez da heltzen zendutakoen kopurua. Esperientzia horietatik ikasi eta euskal errepideetan ere segurtasuna handitzea dute helburu Eusko Jaurlaritzako arduradunek. Bide horretan lanean jarraitu nahi dute.

-

Puntu beltzak





Hona hemen EAEn eta Nafarroan, aurten, gertatu diren ezbehar arriskutsuenen guneak:

N-1: Bederatzi pertsona hil dira, aurten, Arabatik igarotzen den gunean. Epe berean, lau istripu izan dira errepide horren Gipuzkoako zatian.

N-240 (Gasteiz-Bilbo, Barazartik):Bost istripu izan dira han. Bizkaian jazotako istripu kopuru handiena. Uztailaren 21ean gertatutako istripuan, 15.kilometroan, lau pertsona hil ziren.

A-625 (Bilbao-Urduña): Lau pertsona hil ziren maiatzaren 16an gertatutako ezbeharrean. 372.kilometroan izan zen istripua.

N-111 (Iruñea-Logroño): Hamar hildako izan dira errepide horretan.

A-68: Zortzi hildako.

N-121-A: Sei hildako.

NA-134: Bost hildako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.