Iaz, abenduaren 30ean, 400 bat gaztek kateatze masibo bat egin zuten Hegoaldeko lau hiriburuetan, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatuz. Preso bakoitzeko gazte bat kateatu zen, presoen argazkiak soinean zituztela. Ernaik gaur jakinarazi du hainbati iritsi zaizkiela isunak. "Bagenekien ekimen desobediente hori ez zitzaigula merke aterako", adierazi dute.
Gazteek, ordea, ekimenaren helburua berretsi dute, eta merezi izan zuela esan dute. "Kartzeletako egoera oso larria da. 25 kide daude bakartuta, bahiturik. Horren adibide da gaixo larri dauden presoen egora krudela, eskubideen murrizketak eta astebururo-astebururo senide eta lagunek milaka kilometro egin beharra. Mendekuzko espetxe politika hau bukatu beharra dago". Iheslariak ere gogoan izan dituzte. "Batzuek bueltatzeko hautua egin bazuten ere, asko dira oraindik itzuli ezin direnak". Baita Itziar Moreno bakartzetik ateratzeko espetxeetan protesta egiten ari diren presoak ere, Moreno bera barne.
Isunak, epaiketak eta atxiloketak tartean izanik ere, gazte horiek preso eta iheslarien eskubideen aldeko konpromisoa berretsi dute, eta dei egin diote herritar bakoitzari "gatazka politikoaren konponbidean bere aletxoa jartzera".