Isunik ez ordaintzea erabaki dute Etxerat-eko bost kidek

Etxerat-ek azaldu du azkenaldian areagotu egin dela bere ekimenen aurkako «presioa eta jazarpena»Astero egiten duten mobilizazioaren ibilbidea aldararazi egin dio Ertzaintzak

Estonbak eta Dorronsorok, besteak beste, prentsaurrekoa eman zuten Donostiako Sarriegi plazan atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Urtero legez, Etxerat elkarteak kartelada antolatu zuen Donostiako Aste Nagusiaren harira 2009ko abuztuaren 14an, baina Herrizaingo Sailak debekatu egin zuen, eta pankarta zeramaten bost kideri isuna ezarri zien. Etxerat-ek, baina, azaldu du isuna ez ordaintzea erabaki dutela kide horiek beren «borondatez».

Josune Dorronsoro eta Periko Estonba elkarteko bozeramaileek eta isuna jasotako kideetako bik adierazi dute mobilizazio hartan «istilurik» ez zela egongo «bermatu» zietela bertaratutako ertzainei, eta horretarako beren burua beren «borondatez» identifikatu zutela. Baina ez zuela «ezertarako balio izan» gaineratu dute.

Izan ere, mobilizazioa aurrera eramatea pentsatu zuten antolatzaileek. Konstituzio plazatik Bulebarrera abiatu zirenean, baina, ertzainek pankarta zeramatenak identifikatu, eta bakoitzari 500 euroko isuna ezarri zioten. Dorronsorok eta Estonbak esan dute isuna «bidegabea» dela, debekua ez zelako oinarritu «zuzenbide arrazoietan». Hala ere, beren esanetan, «bidegabeagoa» iruditu zitzaien Ertzaintza beren aurka oldartu izana.

Bozeramaileen ustez, gainera, debekua Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuaren «propaganda kanpaina» izan zen. Era horretan, azaldu dute «politikoki eta mediatikoki» Etxerat-en aurkako «presioa eta jazarpena» areagotu egin direla azkenaldian.

Horrez gain, Dorronsorok eta Estonbak esan dute Herrizaingo Sailak duela 22 urtez geroztik ostiralero egiten duten mobilizazioaren ibilbidea aldatu egin diela. Parte Zaharrean eta erdiguneko kaleetan zehar egiten dute mobilizazioa euskal presoen eskubideen alde, baina Aste Nagusia dela eta, eta ibilbideko gunea jai gunea dela argudiatuta, ibilbidea aldatu behar izan dute. Bozeramaileen iritziz, «agintzea helburu duen erabakia baino ez da», eta «botere erakustaldi hutsa» dela gaineratu dute.

Hori hala, Dorronsorok eta Estonbak azaldu dute Etxerat giza eskubideen alde lan egiten duen elkarte bat dela eta Euskal Herriko «gatazkaren ondorioetako bat» direla. Horregatik, «lekukotasunaren, salaketaren, interpelazioen, herri mobilizazioen, maitasunaren eta elkartasunaren bidez» beren senide eta lagunen eskubideen alde lan egiten jarraituko dutela adierazi dute

Era berean, adierazi dute Euskal Herrian sufrimenduak «milaka aurpegi» dituela,eta «inoren sufrimendua ukatu» nahi ez duten arren, Etxerat elkartea osatzen dutenena dela «gehien ezkutatzen direnetarikoa».

Manifestazioa

Herrizaingo Sailaren agindua betez, Hernani kaletik ekin zioten, 20:00etan, manifestazioari. Bozgorailuetatik musika jarri zuen autoaren eta Euskal presoak eta iheslariak etxera zioen pankartaren atzetik joan ziren manifestariak, eta Okendo plazan amaitu zuten, ordu erdi geroago. Ibilbidea lasai egin zuten, eta, duela bi urte ez bezala, ez zen istilurik izan. Manifestazioa amaituta, Donostiako Parte Zaharreko Sarriegi plazara jo zuten. Han beste hainbat lagun ere zain zituzten, duela bi urteko manifestazioan Ertzaintzak egindako oldarraldiaren bideoa eman baitzuten.

Donostian bezala, beste hainbat herritan ere mobilizatu ziren atzo euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Getarian, esaterako, 50 lagunek hartu zuten parte ostiraleroko elkarretaratzean; Zarautzen, berriz, 142 lagun batu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.