Historia luze eta gatazkatsua izan du duela 14 urte Nafarroako Gobernuak proiektua onartu zuenetik Itoizko urtegiak. Hasieratik, Itoizko bailarako herrietako bizilagunak zein erakunde ekologistak egitasmoaren kontra agertu ziren, hainbat herri betiko desagertareaz gain, ingurumenean kalte handiak eragingo zituela argudiatuta. Besteak beste, legez babestutako hainbat naturgune desagertaraziko zituela.
Hain justu, arrazoi horri heldu zion Itoizko Koordinadorak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian helegitea aurkezteko: Nafarroako Babestutako Naturguneen Legea aplikatuz gero, urtegia ezin dela 506 metroko mailatik gora bete; beraz, 9 hektometro ur baino ez dituela hartuko, eta hori ez dela nahikoa Nafarroako Ubidea hornitzeko.
Estrasburgora jo aurretik, Espainiako Auzitegi Nazionalak zein Gorenak proiektuaren aurkako epaiak eman zituzten, hain zuzen ere, Babestutako Naturguneen Legea urratzen zuelako. Horren aurrean, legedia aldatzea izan zen Nafarroako Gobernuaren erantzuna, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion aldaketari. Konstituzionalaren erabakia irizpide judizialetan barik politikoetan oinarritu zela salatu zuen Itoizko Koordinadorak, eta Giza-Eskubideen Tribunalera jo zuen. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren lege aldaketa zilegi zenetz eta 506 metrotik gora betetzea bidezkoa denetz argitzeko galdegin zion.
Funtsean, Estrasburgok zilegitasuna aitortu die Nafarroako Gobernuak urtegi proiektua aurrera eramateko Babestutako Naturguneen araudian egindako aldaketei, ez baitu legeen urrakeratik sumatu. Ebazpen osoa frantsesez hemen klikatuta, eta ingelesez hemen klikatuta.
Urtegia eraikitzeko lanak 1993an hasi zituzten, eta Itoitzekin Elkartasuna taldeak behin baino gehiagotan egin ditu obra horien kontrako ekintzak. Talde horretako kide bat espetxean dago sabotaje horietako batean parte hartzeagatik. Iazko udazkenean urtegiaren eremuko herri guztiak hustu eta suntsitu zituzten.
Itoizko urtegia
Itoizko Koordinadoraren helegitea atzera bota du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzera bota du Itoizko Koordinadorak izen bereko urtegi proiektuaren aurka ezarritako helegitea. Auzitegi horren arabera, Koordinadorak salatutako lege urraketak ez dira gertatu, eta, beraz, urtegia 506 metroko mugatik gora bete ahal izango du Nafarroako Gobernuak; hau da, babestutako naturguneen muga aintzat hartu gabe eta Nafarroako Ubidea hornitzeko adina. Funtsean, Nafarroako Gobernuak egindako lege aldaketak zilegitzat jo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu