2004ko urtarrilean hasi zituzten urtegia urez betetzeko lanak. Dena den, urtegia beteta egonik ere, prozesu hori ez da amaitu. Sei fase aurreikusi dituzte betetze lanak egiteko eta, atzokoarekin, amaitutzat eman dute laugarrena. Behin urtegia beteta, fase berri bati ekitea da Ebroko Ur Konfederazioaren asmoa, bi hilabetetan zeharurek erdietsitako maila hori mantentzeko.
Epe hori pasata, hiru hilabete barru, bildutako ura askatzen hasiko dira, bi fasetan 536ko mailaraino iritsi arte (edukieraren %36). Prozesu hori udan zehar egitea dute aurreikusia, euri gutxiago egiten duen garaia delako eta bildutako ura ez alferrik galtzeko, Ebroko Ur Konfederazioko teknikoen arabera. Horiek horrela, azken epeak egun batzuetan luzatzea eskatuko dutela eta uren hustutzea ekaina erdialdera hasiko litzatekeela aurreikusi dute teknikoek.
Ebroko Ur Konfederazioak ohar batean adierazi duenez, Itoizko urtegia oraindik ere betetze lanetan badago ere, prest dago ur emariaren igoerei bide emateko, «oraingo honetan egin duen bezala, edo 2007ko martxo eta apirileko nahiz 2003ko otsaileko ezohiko uraldietan gertatu zen bezala». Izan ere, Ebroko Ur Konfederazioaren esanetan beti ere, Itoizko urtegitik gorako uretan maila 210 metro kubo segundokoa bazen, urtegitik ateratzean ur emaria, berriz, segundoko 100 metro kubokoa zen atzo gauean.
Hain zuzen, urtegitik ateratzen diren emari maila horiek betetze prozesuan aurreikusitakoaren barruan daudela eta urtegitik beherako uretan kalte oro saihesten dutela adierazi du Ebroko Ur Konfederazioak. Ur emarien eta meteorologia iragarpenen arabera, datozen egunotan maila horiei eusteaaurreikusten dute. Eta ez dute baztertzen epe motzean eta egoera meteorologikoa egonkorra bada, urtegia puntualki 588ko mailaraino betetzea, urtegi nagusiaren erdiko isurbidean probak egiteko xedearekin.
Azken egunotako euriteen eraginez eta elurra urtuz joan dela-eta, iragan asteazkenean ia betetzeraino iritsi zen Itoizko urtegia, baina uren maila ikusita eta oraindik ere are ur gehiago sartuko zen aurreikuspena zegoenez, urtegiko uhateak zabaldu zituzten ura askatzeko.
KALTETUEN SALAKETA . Edu Ardanaz Itoizko urtegiak kaltetutako herri plataformako kidearen aburuz, esperotako albistea zen. «Gainera, hemendik aurrera maiz errepikatuko den zerbait da, eta herritarrok gaizki pasako dugu». Betetzea ere gaizki egin dutela salatu du Ardanazek. «Berez aspaldi egin behar zuten zerbait zen, baina etengabe egon dira data aldatzen. Gainera, lehen aldiz saiatu zirenean atzera egin zuten, eta ez zuten bete. Horretan ere ez dute beren hitza bete».
Horrek izan ditzakeen ondorioak ez dituzte ezagutzen. «Garbi dagoena da Itoitzek ez dituela halako azpiegitura batek eskatzen dituen segurtasun neurriak betetzen. Inposizio bat izan da».
Asko dira administrazioak urtegiaren inguruan egin dituen eta egiten ari den txostenak. «Behin urtegia beteta, zertarako eskatzen dituzten orain txostenak? Ziniko hutsak dira. Zergatik ez dute urtegia husten txosten horiek egiteko?». Hala, txosten horiek ez dute sinesgarritasunik Ardanazen ustez. «Txostenak administrazioarekin zerikusia ez duten pertsonek egitea eskatzen dugu».
Herenegun egin zen Agoitzen urtegiaren larrialdi plana probatzeko azken simulazioa. «Oraingoan ere desastre hutsa izan zen. Bi saiakera egin ziren, eta oraingo honetan ere apenas entzun ziren sirena hotsak».
Horren aurrean, neurriak hartzea eskatu du. «Zerbait gertatzeko zain al daude neurriak hartzeko? Ez da bidezkoa herritarrak Damoklesen ezpata horren azpian bizi behar izatea».
Nafarroako Ezker Abertzaleak ere Itoitz bete izana gaitzetsi du. «Nafarroako Gobernuak ezartzen duen inposizio politikaren adibide argia da. Urak baino, desarrazoiaren inposizioak bete du Itoizko urtegiko eremua».
Gaineratu duenez, egora «oso larria» da. «Proiektuaren segurtasunak sortzen dituen zalantzak ohikoak bihurtu direnean, urtegia betetzea zentzugabekeria da».
«Behin urtegia beteta, zertarako eskatzendituzte txostenak?Ziniko hutsak dira»
EDU ARDANAZ
iTOIZEK KALTETUTAKOEN PLATAFORMAKO KIDEA
ProIeKTuaren KronoLoGIa
Nola edo hala aurrera ateratako egitasmoa
1985. Espainiako Gobernuko Herrilan Ministerioak oniritzia eman zion Itoizko urtegia egiteko egitasmoari, 1985eko maiatzean. Urte berean sortu zen proiektuaren aurkako Itoizko Koordinadora.1993. Urtegia egiteko lanak hasi zituzten 1993ko uztailaren 15ean. Urtebete lehenago esleitu zituzten urtegiko lanak.
1995. Urtegi nagusiko lanen erdia egina zegoen 1995eko azaroan, lanak hasi eta bi urtera. Itoizekin Elkartasun taldea jaio zen urte berean, eta ekimen ikusgarri ugari egin zituzten taldeko kideek urte osoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpokotzat eta baliogabetzat jo zuen urtegiaren egitasmoa, gerora beste auto batzuetan berretsiko zuenez.
1996. Itoizko solidarioek lanak geldiarazi zituzten apirilean, porlana garraiatzeko kableak moztuz. Baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuten haien aurka. Milaka lagunek manifestazioa egin zuten Iruñean, lanak gelditzeko eskatzeko.
1998. Kableak moztu zituzten solidarioei lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Urteotan, Iñaki Garcia Kotx, Ibai Ederra eta Julio Villanueva pasa dira espetxetik, azken hau aurten geratu delarik aske, behin epaia baliogabetu ostean.
1999. Urtegiaren ezker hegala mugitzen ari zela zioten txostenak aurkeztu zituen Itoizko Koordinadorak, arriskuaz ohartaraztearekin batera.
2003. Urte hasieran bizilagunak Itoiztik atera behar izan ziren, urek gainezka egin zietela-eta. Urtegiko lanak amaitutzat jo zituzten ekaina amaieran. Apirila eta urria artean, hondeamakinek Nagoreko zeinbat etxe eta Itoitz eta Artozki herriak txikitu zituzten. Hainbat lagunek asteak eman zituzten bertan, erresistentzia eginez.
2004. Urtegiaren betetze lanak hasi zituzten 2004ko urtarrilean. Ordura arteko lurrikararik handiena erregistratu zen inguruotan. Ordutik hona, ehunka lurrikara izan dira.
2008. Urtegia guztiz bete zuten.