Atzo abiatu zituzten huste lan horiek uraren maila 50 metro jaitsi arte luzatuko dira, alegia, urtegia 536 metroko kotara jaitsi arte, eta muga hori lortzea, gutxi gorabehera, hiru hilabeteko prozesua izanen dela kalkulatu du Ebroko Ur Konfederazioak. Zehatz-mehatz, segundoko 45 metro kubikoko batez bestekoarekin eginen dute azken hustea. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi duenez, oraingoan ere beste aurreko urratsetan gertatutakoa errepikatuko da: «Urtegiaren ustiaketak ibaien ur emariek ekarpen berezia jasotzea ahalbidetuko du». Hala, prozesuak Ebroren inguruan dauden ibaien egoera «hobetzen» lagunduko duela diote.
2004ko urtarrilean hasi zituzten urtegia betetzeko lanak. Lau urteren bueltan, euriteen eraginez, aurreko martxoaren 28an bete zen erabat. Itsasoaren mailarekiko 586 metrora ailegatu zen egun horretan urtegia, 10:45ean. Une horretan hasi zuen Ebroko Ur Konfederazioak urtegia ustiatzeko azken fasea. Harrezkero, urtegian 586ko kotari bere horretan eutsi diote. Konfederazioaren arabera, prozesu horretan alderdi hartako «segurtasuna egiaztatzen jarraitzeko» xedea izan dute ardatz.
Martxoan lortutako 586 metroko kota horrekin urtegiaren gehienezko kota erdietsi zen. Gisa horretan, edukieraren %95 bete zen, eta 379,585 hektometro kubikora iritsi. Gainerako %5 (588ko kotaraino falta den ura) «ohiz kanpoko» egoeretarako erreserbatua du Ebroko Ur Konfederazioak.
2004tik, lurrikarak
1985. urtean Espainiak Nafarroako Gobernuari urtegia egiteko argi berdea eman ziotenik, polemikak zipriztindu du egitasmoa, asko izan baitira lan horien arriskuen inguruan egindako salaketak.
Esate baterako, 1999an Itoizko Koordinakundeak urtegiaren ezker hegala mugitzen ari zela salatu zuen. Urte hartan, gainera, hondeamakinek Nagoreko zenbait etxe eta Itoitz eta Artozki herriak txikitu zituzten. Halaber, urtegia betetzen hasiz geroztik, lurrikarak izan dira etenik gabe.
Kronologia
URTEGIAREN HISTORIA1985. Espainiako Gobernuko Herrilan Ministerioak oniritzia eman zion Itoizko urtegia egiteko egitasmoari. Urte berean sortu zen proiektuaren aurkako Itoizko Koordinadora.
1993. Urtegia egiteko lanak hasi zituzten.
1995. Urtegi nagusiko lanen erdia egina zegoen 1995eko azaroan. Itoizekin Elkartasun taldea jaio zen urte berean, eta ekimen ikusgarri ugari egin zituzten taldeko kideek urte osoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpokotzat eta baliogabetzat jo zuen urtegiaren egitasmoa.
1996. Itoizko solidarioek lanak geldiarazi zituzten apirilean, porlana garraiatzeko kableak moztuz. Baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuten haien aurka. Milaka lagunek manifestazioa egin zuten Iruñean, lanak gelditzeko eskatzeko.
1998. Kableak moztu zituzten solidarioei lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien Nafarroako Lurralde Auzitegiak.
1999. Urtegiaren ezker hegala mugitzen ari zela zioten txostenak aurkeztu zituen Itoizko Koordinadorak, arriskuaz ohartaraztearekin batera.
2003. Urte hasieran bizilagunak Itoiztik atera behar izan ziren, urek gainezka egin zietela-eta. Urtegiko lanak amaitutzat jo zituzten ekaina amaieran.
2004. Urtegiaren betetze lanak hasi zituzten 2004ko urtarrilean.
2008. Martxoaren 28an, urtegia guztiz bete zuten.