Nafarroako Gobernuaren hondeamakinak Itoitz herrian sartu zirenetik 18 urtera, urtegiaren inguruko udalerriei kalte ordainak ematea aztertuko dute legebiltzarrean. Geroa Bairen taldeak aurkeztu du proposamena, baina gobernua osatzen duten gainerako taldeek ere babestu dute, PSNk eta Ahal Dugu-k, alegia.
Parlamentuan aurkeztutako mozioan, taldeek Nafarroako Gobernua premiatu dute «hilabeteko epean Agoitz, Artze, Longida eta Oroz Beteluko udalerriekin eta Lurralde Kohesio nahiz Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen departamentuekin lan batzorde bat eratu dezan». Batzorde horren xede nagusia izanen litzateke «eskualde horri bultzada emateko mekanismoak aztertzea».
Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, Kontuen Ganberak eginiko fiskalizazio txostenean jasota dago urtegiaren eraikuntzak kalte ugari ekarri zizkiela bai inguruari bai eta azpiegituraren eraginpeko udalerriei ere. Desoreka horiek berdintzeko sortu zen Itoiz-Nafarroako Ubidea fundazioa, eta urtegiko ingurua garatzeko plan integrala onartu zen. «Fundazioaren jarduera normal garatu zen 2011. urtera arte, baina UPNren gobernuaren aurrekontu murrizketek fundazioaren proiektuak finantzatzeko funtsak deuseztatu zituen».
Ez da halako egitasmo bat aurkezten den lehen aldia. Oraintxe, badago EH Bilduren lege proposamen bat tramitazio fasean, eta Itoitz inguruko udalerriekin negoziatzen ari dira, eskaerak eta helburuak zehazteko. Hain zuzen, Agoitz, Artze, Longida eta Oroz Beteluko udalek agerraldia egin zuten Nafarroako Parlamentuan iazko irailean. Diru ekarpena eskatu zuten, «proiektu estrategikoak» garatu ahal izateko.