Igeldoren desanexioa bertan behera utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak asteon, eta horren kontra protesta egin dute Donostian, Igeldoren desanexioa bultzatu duen Itsas Aurre elkarteak deituta. Kultur Hiriburutza dela eta, “elkarbizitzaren sinbolo bihurtu den zubian” bildu dira. Sare baten barruan sartu dira protestan parte hartu dutenak, igeldotarrak “sare batean harrapaturik” eta euren nahiaren kontra Donostia barruan bizitzera behartu dituztela salatzeko.
Sarean harrapatuta daudenei tiraka, Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco alkateordea irudikatu dituzte. Igeldoren desanexioaren auziari konponbide bat emateko eskatu diete. "Elkarbizitza, elkarrizketa, errespetua, erabakitzeko eskubidea… Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazioan behin eta berriz errepikatu ziren hitzak dira. Igeldotarrontzat, ordea, hitzak besterik ez dira, bai EAJk eta bai PSE-EEk hauek guztiak ukatzen dizkigute eta”, adierazi du Itsas Aurre elkarteak.