2013ko maiatzaren 11n, Ezkio Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko lineak kalte egindako 174 herrietako alkateek, 220 udal eta kontzejutan onartutako mozioan adierazitakoa jasoaz, akordio bat sinatu zuten. Idatziaren bitartez, proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatu zioten Espainiako Industria eta Energia Ministerioari, sektore elektrikoko planifikazio berria onartu bitartean.
Altsasun eginiko batzar batean, aurkako jarrera hori berretsi dute maiatzeko udal hauteskundeen ondorioz alkate direnek. Batzarrean, adierazpen bat adostu dute; hor, salatu dute ministerioak ez ziola "inolako kasurik" egin eskaerari eta tramitazioarekin jarraitu zuela, Nafarroako eta Gipuzkoako 32 herritan eragina duen proiektua informazio publikoan jarriz: "Horrek sekula ikusi gabeko erantzuna jaso zuen, bi urte geroago erantzunik jaso ez duten 14.000 alegazio bildu baitziren".
Itsaso-Deikaztelu proiektua 2011ko abuztuan aurkeztu zuten. Alkateen esanetan, lau urte geroago "argi" geratu da proiektu horren xedea ez dela hark gurutzatzen dituen herrien beharrak hornitzea, "baizik eta estatu espainiar eta frantziarren arteko lotura handitzea". Halaber, salatu dute egitasmoak "ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan eragin bortitza" izango duela.