Gorriak pasa behar izaten dituzte Mutrikuko (Gipuzkoa) marinelek itsasoa zakartzen denean. Olatuak gora eta olatuak behera, gogor astintzen du mendebaldeko Kardala olatuak Mutrikuko portuaren sarrera, eta mutrikuarrek aspalditik eskatu dute kaia babesteko neurriren bat. Eskaerari, bada, iritsi zaio erantzuna: 434 metroko luzera izango duen babes dikea, eta hori eraikitzeko 405 metroko sarbidea egitea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Erabaki hori, baina, ez da mutrikuar guztien gustukoa izan, eta itsasoa ez ezik, herriko giroa ere zakartu da.
Hobetu Leike Mutrikuko herri plataformako kideek ez dute babes dike hori eraikitzerik nahi. Xabier Uranga eta Joseba Mugerza dira taldeko bi partaide, eta beren ustez «gehiegizkoa» da Eusko Jaurlaritzaren proiektua. «Guk ere portua babestea nahi dugu, baina astakeria bat da dike handi hori egitea». Portua babesteko dike txikiago bat eraikitzea nahikoa litzatekeela uste dute. Mutrikuko Udala eta Mutriku Bizirik herri plataforma, baina, ez dira iritzi berekoak. Beren ustez, dikeak Mutrikuko portua «egokiro» babestuko du, eta arrantzaleak, seguru ibiliko dira. Mutriku Bizirik-eko partaide da Jose Agustin Elezgarai, eta pozik jaso du Jaurlaritzaren erabakia. «17 alternatiba aztertu ziren herritarren babes eskaerari erantzun bat emateko». Proposamena onartu zenean Elezgarai Mutrikuko alkate zen, Euskal Herritarrok alderdia ordezkatuz.Dagoeneko hasi dira sarbidea eraikitzen, eta haserre daude Hobetu Leikeko kideak. Herria soziologikoki, paisajistikoki, ekologikoki... aldatuko dela diote, eta horrelako erabaki bat hartu baino lehen herritarren iritzia entzuteko eskatu diote Udalari.
Erreferenduma
Mutrikuko Udalak ez du proiektuaren inguruko herri galdeketa bat egiteko obligaziorik, hala erabaki baitzuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Oraingoz, gainera, Udalak ez du horretarako asmorik, eta berandu dela uste du Mutrikuko alkate Estanis Osinaldek. «Erreferenduma egitekotan proiektua hasi baino lehen egin behar genueen, eta ez orain, lanak hasi direnean». Bestalde dikearen inguruko galdera egokia planteatzea «oso zaila» dela iruditzen zaio. «Nik uste galdera bakar batean ezin dela dikearen etorkizuna erabaki. Hori baino nahiago nuke herriak proiektuan parte hartuko balu, eta denon artean zerbait erabakiko bagenu». Herritarrekin biltzeko prest dagoela dio alkateak.
Hobetu Leikeko partaideak atsekabeturik daude jarrera horrekin, eta diotenez, Udalak interes handia du dike hori eraikitzeko. «Oraindik dikea bakarrik eraikitzea hitzartu dute, baina atzetik proiektu handiagoa dator. Mutrikuren etorkizuna erabat alda dezakeen proiektua».
Portu Berriaren Plan Berezia
Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko babes dikea eraikitzeko konpromisoa hartu du, soilik, baina baliteke Mutrikuko Portu Berriaren Plan Berezia ere, geroago onartzea. Plan Bereziaren arabera, Mutrikuko portuaren egitura berrantolatuko lukete. Arrantzaleen portua kirol kai bihurtuko litzateke, eta arrantza-ontziak babes dikearen ondoan eraikiko luketen kai berrira eramango lituzkete. Gainera, gaur egun igerilekua dagoen lekuan zerbitzu gune bat eraikiko lukete, eta igerileku berria hondartzaren ondora eraman.
Mutrikuko Udala eta Mutriku Bizirik Plan Berezia bere osotasunean egitearen alde daude, eta bide horretatik ikusten dute herriaren garapen ekonomikoa. Estanis Osinalderen iritziz, azpiegitura horrekin herriak «berpizteko» aukera izango luke. «Azpiegitura horrek Mutrikuko ekonomia eta turismoa suspertuko ditu, eta tailerrak, dendak, hotelen bat edo beste... ekarriko ditu». Jose Agustin Elezgaraik ere, bide horretatik ikusten du Mutrikuren etorkizuna: «Orain Mutrikuk dibertsifikatu egin behar du, eta herriko diru sarrerak esparru berrietara ireki. Plan Berezia egitekotan turismoak gora egingo luke, eta azpiegitura egokia lortuko genuke».Hobetu Leikeko kideak, ordea, Plan Bereziaren aurka daude, eta onurak baino gehiago kalteak ekar ditzakeelakoan daude. Haiek ere turismoa sustatzea nahi dute, baina lan horiek Mutrikuren erakargarritasuna kaltetuko luketela uste dute. «Kirol kaia behar bada, gaur egungo portua horretarako presta dezatela. Badago nahiko leku arrantza-ontzientzat eta kirol ontzientzat». Are gehiago, Plan Berezia atzera bota, eta gaur egungo kaia berrantolatzea lortuko balute, gainera, turista asko erakartzen dituen gune bat mantentzea lortuko luketela diote: gaur egungo hondartza. Plan Berezia egitekotan, aldaketa ugari izango lirateke hondartzaren inguruan. Joseba Mugerzaren hitzetan, gaur egungo hondartzaren zati bat desagertu egingo litzateke, gainean zerbitzu gune bat egingo lukete eta. «Gainera bainurako gunea Burumendi azpiko arrokak izango lirateke, eta ez dakit hori oso segurua izango ote den». Jose Agustin Elezgarairen ustez, ordea, hondartza handitu egingo litzateke. «Gaur egungo hondartzaren zati bat estalita geratuko litzateke, baina hondartza handitu egingo zen, eta 90 metro inguruko itsasbazterra izango luke. Orientazio berri bat izango luke, eta itsasoa hondar berria pilatzen hasi da, jadanik».
Babes dikeak ingurumenean izango duen eragina
Babes dikeak ingurumena errespetatzeko baldintzak betetzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Hala ere, ingurumenean eragina izango duela onartzen dute herritar gehienek, nahiz eta kalteak oso ezberdinak izango diren batzuen eta besteen ustetan.
Jose Agustin Elezgaraik dioenez ingurumena ahalik eta gehien errespetatzen saiatu dira. «Ia ez du kalterik eragingo, eta eragitekotan, kalte bisuala izango da». Mutrikuko alkate Estanis Osinaldek ere antzeko iritzia dauka. «Ni naiz Mutriku polita izatea nahi duen lehena, baina dikea egin egin behar bada, egin egin beharko da». Hobetu Leikeko kideen arabera, ordea, ondorio larriagoak izango ditu dikeak. Babesturiko haitz gune batek kalteak jasango ditu, eta gaur egungo ingurumena «dezente» aldatuko da.
Itsaso zakarra Mutrikun
Mutrikuko kaia babesteko 434 metroko dike bat eta 405 metroko sarbide bat eraikitzen hasi dira; herritar gehienek portua babestea nahi duten arren, lan horiek «gehiegizkoak» direla uste dute batzuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu