2100. urterako Bizkaian eta Gipuzkoan itsasoaren maila 29 eta 49 zentimetro artean igoko dela iragarri du AZTI-Tecnaliak. Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta ImedeaMediterraneoko Azterketa Aurreratuen Institutuarekin batera egin du azterketa, eta Climate Research zientzia aldizkari ospetsuak kaleratu berri du. Klima aldaketak itsasoaren mailan ondorio larriak eragingo dituela ohartarazi dute: besteak beste, Gipuzkoako hondartzen hedadura %40 murrizteko arriskua dago, etaibaiak itsasoratzen diren eremuetan ere aldaketak eragingo ditu, bereziki hirietatik gertu dauden kasuetan. «Ikerketaren ondorioa argia da: bai mundu mailan eta bai eskualde mailan ere neurriak hartu behar ditugu», aditzera eman du Javier Francok, AZTI-Tecnaliako ekologoak.
Euskal kostaren azterketari buruzko txostena Eusko Jaurlaritzak finantzatutakoK-Egokitzen proiektuaren barruan dago. Bizkai eta Gipuzkoako kosten inguruko informazioa bildu dute, eta etorkizunera begira egindako aldaketa aurreikuspenak ere kontuan hartu dituzte. Guillem Chust AZTI-Tecnaliako ekologoak azaldu duenez, helburua XXI. mendeko Euskal Herriko klimaren egoera aztertzea izan da. «Guk lortutako datuak mundu osoko datuen analisietatik abiatuta aztertu nahi genituen, eta uholde arrisku larria duten eremuen mapa egin azken teknologiak erabiliz».
Ikerketarako, besteak beste, mareografoak, sateliteak eta mapa topografikoak erabili dituzte, eta Bizkaiko eta Gipuzkoakoitsaso eremuaren ezaugarriak ere kontuan hartu dituzte. Izan ere, euskal kosta Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdean dago, eta itsaslabarrak eta hondartzak tartekatzen dira. Iparralderako orientazioa duenez, olatu handiek gogor eragiten dute bertan. Egunean bi itsasgora eta bi itsasbehera izaten dira.
Itsasoaren mailaren igoera klima aldaketak eragiten duela argi utzi du Ainhoa Caballero AZTI-Tecnaliako ozeanografoak. «Uraren maila igotzeko bi arrazoi nagusi daude: bata, urak berotzean izaten duen zabalkuntza termikoa; bestea, lur eremuetan dauden izotz plaka handiak urtzea. Gaur egun, karbono dioxidoaren isuriek atmosfera berotu egin dute; berotegi efektua, hain zuzen. Horrek ura berotzea dakar, eta, ondorioz, ura hedatu eta itsasoaren maila igo egiten da. Beraz, arrazoi nagusia lehena dela esan dezakegu, nahiz eta glaziarrak urtzeak ere eragiten duen».
Beroa eta euri jasak
Ikerketaren arabera, euskal kostak, uraren maila igotzeaz gain, beste hainbat ondorio ere jasango ditu: airea berotu egingo da eta bero boladak sarriago izango dira; gainera, euri jasak %10 ugarituko direla ere ikusi dute. «Hondartzek 15 eta 30 metro bitarte egingo dute atzera. Zarauzko hondartzaren kasuan, esaterako, olatuak pasealekuraino iristen dira dagoeneko, eta batzuetan uholdeak sortzen dira. Etorkizunean maizago jazoko dira horrelakoak», azaldu du Pedro Liria AZTI-Tecnaliako ingeniariak.
Halaber, kostako lehen ehun metroetan uraren tenperatura bi gradu igo daitekeela ondorioztatu dute. Txostenaren arabera, sakoneko bioaniztasuna eta planktona eraldatuko lituzke horrek, eta era berean arrantzan kalteak eragin. Urdaibairen (Bizkaia) kasua bereziki nabarmendu du Angel Borja AZTI-Tecnaliako ekologoak: «EAEko natur ingurune babestu bakarra da; Afrika eta Asia artean migratzen ari diren hegaztientzako geralekua denez, garrantzi ekologiko berezia du, eta, gainera, 318 espezie ornodun biltzen dira han».
Ekonomia jarduera ere arriskuan jar lezake itsaso mailaren gorakadak. Anil Markandya BC3 Klima Aldaketaren Euskal Zentroko zientzia zuzendariak azaldu du aldaketa: «Inguru batzuetan nekazaritzan eta ekologian nabarituko dira uraren igoeraren eraginak; herri inguruetan uholdeak ohiko bilakatzen badira, ordura arteko jarduera ekonomikoa galaraziko du».
«Denbora aurrera doalako»
Datu kezkagarria eman du Caballerok: «Ura berotu da dagoeneko, eta une honetan karbono dioxido isuria geratuta ere, urak gora egiten jarraituko luke». Francoren hitzetan, ikerketaren ondorioa begi bistakoa da: «Mundu osorako neurriak hartu behar ditugu, baita tokikoak ere; izan ere, hemen egin diren zenbait giza jarduerak uste dugun baino eragin handiagoa izan dute klima aldaketan». Tokiko politikak garatzea ezinbestekoa dela dio, «denbora aurrera doalako».
Itsasoaren maila ia metro erdi igoko da euskal kostan mende honetan
AZTI-Tecnalia, EHU eta Imedea teknologia zentroaren ikerketa bat kaleratu du 'Climate Research' aldizkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu