EAJk uste du ETAren indarkeriaren zikloaren amaierak garai berria ekarri duela, eta garai berri horrek «euskal gatazka konpontzeko aukera bat» ekarri duela.Hori kontuan hartuz, euskal nazioa egituratzeko bidean, estatus politiko berri bat lortzearen aldeko apustua egin du, datozen lau urtetako ibilbide politikoa gidatuko duen txostenaren zirriborroan jasotzen denez. Datorren urtarrilaren 13, 14 eta 15ean EAJk VI. Batzar Nagusia egingo du, datozen lau urteetako ildo politikoa erabakitzeko eta zuzendaritza berria aukeratzeko. Batzar horretako eztabaidarako txostena alderdikideei helarazi die dagoeneko EBBk.
EAJren txostenaren arabera, «aniztasun politikoa berreskuratuta eta helburu politikoa duen indarkeriaren desagerpenarekin», Euskal Herriaren borondate politikoa gaurkotze aldera adostasun politikoa egituratzeko ordua iritsi da. Hori ekarriko duen akordioa zehazten saiatu da EAJ aipatutako txostenean. Akordioak elkarrizketan oinarritu behar du, eta formulazio juridiko-politiko berria ekarri behar du, «non gehiengoaren eta gutxiengoaren eskubideak errespetatuko diren». Akordioak atzean utzi behar du aldebakartasuna eta menpekotasuna, eta aldebikotasuna eta berdintasuna ekarri behar du. «Estatus berri bat, arlo politikoan berdinen arteko hitzarmena eta arlo juridikoan aldebikotasuna eta bermeak oinarri izango dituena». Akordio hori lortzea «lehentasuna» da EAJrentzat, eta konpromiso batzuk hartzea eskatzen du. Akordioaren izaera argi du EAJk: «Loiolako Akordioa izan zitekeenaren oinarrietan jasotzen zenez, sentsibilitate ezberdinen arteko akordio bateratzailea behar dugu. Alderdi politikoek partekatutako, garatutako eta aberastutako akordioa, instituzioek bideratutakoa eta euskal herritarrek berretsitakoa». EAJk uste du berari dagokiola «Euskadi indartzeko lidergo estrategikoa garatzea», akordio berri hori, «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzen duen akordioa», lortzeko asmoz.
Izaerari buruz, luze aritu arren, txostenean ez dago zehaztasunik akordioaren edukiari buruz eta horretara iristeko estrategiari buruz. Halaber, txostenean ez dago arrastorik akordioak lurralde ezberdinetan izan lezakeen garapenari buruz.
EAJren pisu politikoa
Azken lau urteetako bilakaera politikoa aztertzean, EAJk zenbait aldaketa nabarmendu ditu: euskal abertzaletasuna Eusko Jaurlaritzatik kanporatu izana, PSE-PP eta UPN-PSN itunen bidez «Euskadiren asimalazio progresiboa», mapa politiko berria (ezker abertzalearen esku hartzearen ondorioz) eta ETAren indarkeriaren zikloaren amaiera.
Mapa politiko berrian, «posizioak» eta «pisu instituzionala» galdu dituela aitortu du EAJk aipatutako txostenean. «Euskadiko lehen alderdia izaten jarraitzen dugu, baina galdu dugu pisu hegemonikoa». Horregatik, aurrera begirako proposamenetan, EAJk nabarmendu egiten du Eusko Jaurlaritza berreskuratzeko beharra. «Epe laburreko helburu gisa, EAJk Euskadi elkarte autonomoaren lidergo instituzionala berreskatu nahi du».
Itun bateratzaile baten bidez lortu nahi du EAJk estatus politiko berria
ETAren indarkeriaren zikloa amaitzeak auzi politikoa konpontzeko aukera bat ekarri duela dio EAJk Batzar Nagusiko txosteneanAzken urteotan «pisu instituzionala» galdu duela aitortu du alderdi jeltzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu