Itunak bainoago, politika egokiak eskatu dituzte euskararentzat

Euskararen inguruan akordioa osatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; prest dute lehen zirriborroaBatera ariko dira, besteak beste, IKTetan, euskalduntzean eta itzulpengintzan

Helduen alfabetatzean elkarlana sustatu nahi dute. Irudian, Santurtziko euskaltegia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Elkarlana aipatzen duen aldetik, akordioa urrats bat da. Baina, gero, gauzatzeko baliabideak jarri behar dituzte. Eta hori zail ikusten dugu. Are gehiago bi administrazioek hizkuntz politikara bideratu duten dirua gutxitu dutela kontuan hartuta». Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide Joxerra Olanori eta Mikel Belaskori sentipen «gazi-gozoa» eragin die Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan sinatu nahi duten lankidetza hitzarmenaren zirriborroak. Itun bat baino gehiago hizkuntz politika eraginkorrak behar direla esan dute. «Egungo politikak erabat aldatzea ekarriko luke horrek», nabarmendu du Olanok.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilari Jose Iribasek eta Euskarabideko zuzendari Maximino Gomezek ostiralean aurkeztu zuten akordioaren zirriborroa Nafarroako Euskararen Kontseiluan. Hitzarmenaren zirriborroaren arabera, Hegoaldeko bi erakundeak elkarlanean arituko dira helduen euskalduntze eta alfabetatzean. Horretarako, urratsak egingo dituzte euskara irakasteko curriculuma parekatzeko eta garatzeko. Gainera, bi administrazioetako langileei aukera emango diete helduentzat antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeko. Egoki ikusten badute, gainera, elkarrekin prestatu eta hedatuko dituzte curriculumeko materialak. «Horiek baino garrantzitsuagoak diren gauza asko daude, gure ustez. Adibidez, euskara ikasteko motibazioa sustatzea. Herri ekimeneko euskaltegien lanaren aitortzarik ez da egiten, eta ez da ezer esaten, ezta finantzaketaren inguruan ere», salatu du Olanok.

Gainera, akordioaren zirriborroan garbi utzi dute: curriculumean argi ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa «bi entitate politiko, instituzional eta administratibo desberdinak direla». Horri erreparatu dio Belaskok. Izan ere, beste puntu batzuetan ere aipatzen dute hori. «Nafarroako Gobernuak argi utzi nahi izan du horrekin hori errespetatzen ez bada prest egongo litzatekeela akordioa apurtzeko».

Euskararen gaitasun maila egiaztatze probak eta sistemak ere elkarlanean diseinatuko dituzte. Eta ikerketak eta mapa soziolinguistikoak egitean lortzen dituzten emaitza eta datuak elkarri pasatuko dizkiote. Adierazle soziolinguistikoen sistemak eta hizkuntza politika prestatzeko esperientziak ere partekatuko dituzte bi administrazioek.

Itzulpengintza elkarlana

Itzulpenena da akordioan jaso nahi duten beste alorretako bat. Legeen nahiz itunen itzulpenera egongo litzateke bideratuta bi erakundeen arteko elkarlana. Zinpeko itzultzaile nahiz interpreteen egiaztapenen inguruko informazioa ere partekatuko dute. Gainera, bi administrazioetako itzulpen zerbitzuek egindako itzulpenak trukatu ahal izango dituzte. Horri lotuta, konpromisoa hartu dute itzulpen memorien banku bat sortzeko. Hala, bi administrazioek sortutako itzulpen corpusa banku horretan bilduko dute, itzultzaileek erabil dezaten.

Terminoen onarpena, glosategien trukea eta haien hedapena batera egingo dute. Hala, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek Nafarroako Terminologia Batzordean parte hartzeko aukera izango du; alderantziz, Nafarroako ordezkariek ere parte hartuko dute Jaurlaritzaren batzordean.

IKT Informazioren eta Komunikazioaren Teknologien alorrean dituzten baliabideen inbentarioa egingo dute, erabiltzaileek errazago eskura ditzaten, eta IKTak sortzerakoan edo egokitzerakoan bikoiztasunik izan ez dadin.

Bi erakundeek euskara nazioartean sustatzeko martxan dituzten edo abiatuko dituzten programetan parte hartzeko gonbita egingo diote elkarri. Berdin egingo dute euskararen kultura sustatzeko programetan ere. «Oso ondo dago hori. Baina jakin nahiko nuke Nafarroako Gobernuak ba ote duen programarik lurraldean euskara sustatzeko», Olanok adierazi duenez.

Akordioaren jarraipena egiteko batzorde bat sortuko dute. Eusko Jaurlaritzak bi kide izango ditu bertan, eta Nafarroako Gobernuak beste bi. Gainera, HABEko nahiz Etxepare Institutuko ordezkariek batzordean parte hartu ahal izango dute, landuko dituzten gaiek hala eskatzen badute.

Urtero bilduko da batzordea, eta aldeetako batek eskaria egiten badu. Aldatzeko eskaririk egiten ez bada, akordioa luzatu egingo da urtero. Bi aldeek adostu beharko dituzte akordioan egingo diren aldaketa eta berrikuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.