Hezkuntza

Itunpeko eskoletan lanuztea "orokorra" izan dela ziurtatu dute sindikatuek

CCOO, EILAS, ELA, LAB eta UGTk antolatu dute lanuztea, eta protestak egin dituzte. Ostegunerako beste ordubeteko lanuzte bat antolatua dute. Lan ituna negoziatzera esertzeko eskatzen ari dira zuzendaritzari. Kristau Eskolako zuzendaritzaren arabera, "eskasa" izan da lanuztea.

2013ko urriaren 22a
17:36
Entzun

"Orokorra" izan da ordubeteko lanuztea Kristau Eskolako eta AICEko ikastetxeetan, antolatzaileek adierazi dutenez. CCOO, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek antolatu dute protesta.

Ordubeteko lanuzteak egin dituzte zentroetan, 08:00etatik 11:00etara bitarterako tartean. 12.000 irakasle eta langile zeuden lanuztera deituak, 250 bat eskolatakoak, eta gehien-gehienek bat egin dute, sindikatuen esanetan. Kristau Eskolako zuzendaritzak, baina, beste datu batzuk eman ditu: Araban %9ko erantzuna izan du; Bizkaian, %31koa eta Gipuzkoan %12koa.

Irailaren 26an greba egin zuten itunpeko zentro horietan. Lan itunaren negoziazioa dute eztabaidagai. Soldaten jaitsieragatik protestan ari dira langileak, eta lan itun berri bat negoziatzeko eskatzen.

Aurreko lan ituna agortzen utzi eta Espainiakoa ezarri nahi izatea egotzi diete zuzendaritzei. Negoziatzeko borondaterik ez izatea ere leporatu diete. Zuzendaritzak, ordea, "une oro negoziatzeko borondatea" erakutsi duela nabarmendu du ohar batean, eta lan hitzarmena apurtzeko arrazoia "sindikatuen inmobilismoa" izan dela.

Elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte gaurko lanuztearekin. Ostegunean berriro kalera ateratzera deitu dituzte langileak.

Aurrerabiderik ezean, azaroaren 25eko astean mobilizazio gehiago egingo dituztela ere ohar egin dute sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.