Itunpeko hezkuntzako irakasleak grebara joango dira datorren ikasturte hasieran

Sindikatuek sei greba egun deitu dituzte urrirako eta azarorako, Kristau Eskola eta IZEI patronalekin hasitako negoziazioek aurrera egiten ez dutela ikusita.

Irakasleen manifestazioa, maiatzean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 19a
16:37
Entzun

Itunpeko hezkuntzak sei greba egunekin hasiko du 2018-2019 ikasturtea. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek grebarako deia egin dute urriaren 9rako eta 10erako, eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako, Kristau Eskola eta IZEI patronalen esku dauden eskoletan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko eskolen %70 dira, eta greba deialdiak 9.000 irakasleri eta 120.000 ikasle ingururi eragingo die.

Aurten eginiko hiru greba egunek ez dute sindikatuek esperotako aurrerapenik ekarri patronalekin hasi zituzten negoziazioetan. Sindikatuak iazko azaroan altxa ziren negoziazio mahaitik, eta adierazi dute ordutik ez dela bi aldeen arteko elkarrizketarik egon.

Greba egunez gain, eginkizun boluntarioetan ez parte hartzeko erabakia ere hartu dute sindikatuek, "benetako negoziazio bat" iritsi arte.
Sindikatuek salatu dute patronalen "inmobilismoak" ez diela beste biderik utzi. Izan ere, 2009tik ez dute hitzarmen berririk adostu. Sindikatuen esanetan, langileek erosahalmena galdu dute, %10 baino gehiago.

Sindikatuek eskatu dute galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta DBHko irakasleen soldatak berdintzea. Horrez gain, ikasgelen itxierak eragin diezaieken langileei beste lanpostu bat bermatzea eta egoera prekarioan daudenen lan baldintzak hobetzea dituzte eskaera nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.