Milaka pertsona mobilizatu dira, gaur, ELAk, Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk deitu duten greba deialdiari erantzunez. Itunpeko hezkuntzaren arloko hitzarmena berritzeko galdegin diote Kristau Eskolan, IZEAn, Ikasgiltzan eta Elizbarrutiko Ikastetxeei. Salatu dute elkarteek ez diotela erantzun martxoaren 20an egindako grebari, eta, aldaketarik ezean, datorren ikasturte hasieran mobilizazioak "gogortuko" dituztela ohartarazi dute.
Haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren bezkuntza, batxiler eta lanbide heziketako ia 10.000 irakasle zeuden deituta grebara. Deitzaileek adierazi dutenez, grebak "babes oso handia" jaso du, eta erantzuna %65 ingurukoa izan da. "Ikastetxe asko itxita daude, eta, zabalik daudenetan, jarduera oso apala da", azaldu du Xabier Castellanos ELAko ordezkariak.
Sindikatuek patronalaren "immobilismoa" salatu dute; proposamen berririk ez duela aurkeztu nabarmendu dute. "Beraz, ez zaigu gaurko eta biharko grebara deitzea beste aukerarik gelditu", Castellanosen esanetan.
Gogorarazi duenez, sindikatuek lau eskari nagusi aurkeztu dizkiete elkarteei: sektorerik prekarioenen lan baldintzak hobetzea, enpleguari eusteko plan bat egitea, erosahalmena berreskuratzea eta lan pertsonalerako ordu osagarriak errespetatzea.
Castellanosek ohartarazi du elkarteek sindikatuen eskariei entzungor egiten badiete datorren ikasturtean mobilizazioak areagotuko dituztela.