Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko irakaskuntza hitzarmenik gabe gera daitezkeen sektoreen artean dago. Patronalek, Kristau Eskolak eta IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoak indarrean dagoen itunarekin hautsi dutela adierazi diete langileei. Horren ordez, Espainiako ituna ezartzea gomendatuko die bere ikastetxeei.
Atzo, patronalen jarrera hori langileentzat mehatxu bat dela salatu zuten ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGTk. Ikastetxeek estatuko hitzarmena aplikatuko balute, lan baldintzak okertuko lirateke. Sindikatuen arabera, langileen urteko soldata gordinak 12.000 euro txikiagoak dira itun horretan. Ikastetxeek gomendioak bete nahiko ez balituzte ere, patronalek azaldu dute halabeharrez jaitsiko direla soldatak, Eusko Jaurlaritzak sariak pagatzeko diru gutxiago emateak horretara behartzen dituelako. Espainiako Gobernuak langile publikoen soldatak jaitsiarazi ondoren, Jaurlaritzak txikitu zuen itunpeko eskolei langileen sariak pagatzeko emandako dirua ere. Auzitara jo zuten sindikatuek, eta arrazoi eman zieten.
Finantzaketa arazoen zama langileengan uztea erasotzat jo dute sindikatuek. Hori dela-eta tresna judizialak eta mobilizazioak martxan jarriko dituztela iragarri dute, "greba orokorra alde batera utzi gabe".