Itunpeko sarean murrizketak egiteko asmoa bazeukala agerian utzi zuen Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta lau urterako hitzarmenean zorroztu egin ditu diru publikoz finantzatutako gelak sortzeko irizpideak. Hasierako proposamena zerbait leundu duela jakinarazi du Ikastolen Elkarteko ordezkari Jose Luis Sukiak, nahiz aurreko itunarekin alderatuta «mozketa irizpide bat» nabari duen oraingoak. «Ezin dugu esan gustukoa dugunik oraingo hitzarmena, baina aurrera egiteko modua izango dugu ikastoletan».
Hilabeteak eman dituzte datozen lau urteetarako ituna negoziatzen sare pribatuak eta Hezkuntza Sailak. Ikasleak pilatzea jarri zuen mahai gainean Zelaak —lehen ere, sare publikoko geletan baino ikasle gehiago batzen dituzte itunpekoetan—. Negoziatzen ari zirela, agindu bat kaleratu zuen Hezkuntza Sailak EAEko aldizkari ofizialean, itunpeko ratioak handitzeko; ikastolek ohartarazi zuten agindu hori ezartzekotan geletan 35 ikasle ere pilatu beharko zituztela. Horretan atzera egin du Jaurlaritzak. «Ez ditu erabat ezarriko dekretuko irizpide guztiak», jakinarazi du Sukiak.
Ikasle gehiago dituzte aurtengo ikasturtean ikastoletan. Hala ere, nabarituko dira murrizketak. «Gela gutxi batzuk sortuko dira Haur Hezkuntzan, eta DBHn eta Batxilergoan gutxitu egingo dira, ikasle kopurua zerbait igo arren». Eta lantaldearekin, zer? «Eusteko modua izango dugu. Litekeena da ikastolaren batean langile gutxiago behar izatea; lekuz aldatuko dugu». Soldatei eutsiko diete.
Soldatak behera Nafarroan
Nafarroako Gobernuak iaz baino 4,2 milioi euro gutxiago emango dizkio itunpeko sareari, eta kinka larrian jarri du. Lau patronalek bi aukera jarri zituzten: 105 langile kaleratzea edo soldatak jaistea. Bigarren aukerari heldu diote sindikatuek, eta lansariak %2,5 jaitsiko dituzte hil honetatik aurrera. 2.000 behargin daude itunpeko sarean Nafarroan. Gabonetako aparteko lansaria izango dute, printzipioz; sare publikoan, ez.
Itunpeko sarean gelak pagatzeko irizpideak aldatu egin ditu Zelaak, mozketak egiteko
Murrizketak pairatuko badituzte ere, «aurrera egiteko modua» izango dute ikastolek; postuei eusteko asmoa daukate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu