Iturraman atxilotutako gizonezkoa preso hartzeko agindu du epaileak

46 urteko gizonezkoa bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman du epaileak, baina, tratamendu psikiatrikoa behar duela-eta, Iruñeko erietxean sartu dute. Ama hiltzea egozten diote.

Andrea jausi zen etxebizitzaren ataria. JESUS DIGES / EFE
2019ko abuztuaren 25a
09:45
Entzun

Hainbat hedabidek zabaldu dute Iruñeko Iturrama auzoan herenegun arratsaldean balkoitik jausita hil zen emakumezkoaren izena: Alicia Zubiri Elizalde zen. Jazoera gertatu eta berehala atxilotu zuten haren semea, etxean bertan. Gaur, hura espetxeratzeko Iruñeko epaile batek, baina, tratamendu psikologikoa behar duela-eta, erietxean edukiko dute, preso. Atxilotu eta berehala, Iruñeko udaltzainen komisariara eraman zuten aurrena, baina berehala ospitalera eraman zuten. Gaur eraman dute auzitegira.

Jazoera 16:30 aldera izan zen, herenegun: Fuente del Hierro kaleko etxebizitza batetik erori zen andrazkoa, laugarren solairutik, eta hantxe hil zen. Anbulantzia bat berehala bertaratu zen emakumezkoa artatzera, baina hilotz zen ordurako. Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak hartu zuten kasuaren gaineko ikerketa. Hipotesirik ez zutela baztertzen esan zuten hasieran, eta horri berari heldu zioten atzo ilunabarrean BERRIAk galdera egin zienean; ikerketa aurreratua zegoela esan zuten. Ama balkoitik bota eta hura hiltzea leporatu dio epaileak gaur.

Inguruko hainbat auzok kontatu zuten andrea jausi aurretik etxean liskar handi bat izan zela, eta emakumezkoak laguntza ere eskatu zuela balkoian zegoenean, oihuka. 72 urte zituen, eta aski ezaguna zen Iturrama auzoan, denbora asko baitzeraman bertan bizitzen. Hainbat informazio iturrik adierazi dutenez, ama-semeak elkarrekin bizi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.