Iturrietako, Labrazako eta Arkamoko parke eolikoen aurkako alegazioak aurkeztu ditu EH Bilduk

Eusko Jaurlaritzari kokalekuak aukeratzeko orduan «kudeaketa txarra» egin izana leporatu dio EH Bilduk. Koalizioak nabarmendu du gune horiek Natura 2000 sarean sartutako Kontserbazio Berezirako Eremuak direla. 

Kike Fdez de Pinedo EH Bilduko bozeramailea alegazioak aurkezteko unean. EH BILDU
2021eko maiatzaren 11
12:25
Entzun

Arabako Natur Insititutuak atzo egin zuen alegazioak aurkezteko lehen urratsa, eta gaur EH Bilduk ere bide bera jarraitu du. Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzan aurkeztu ditu Aixendar konpainiak Labrazan, Arkamon eta Iturrietan (Araba) egitekoak dituen parke eolikoen kontrako alegazioak. EH Bilduko eledun Kike Fdez. de Pinedok gogorarazi du koalizioak eskua luzatu ziela Foru Gobernuari eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiari alegazioak batera aurkezteko, baina ez dutela erantzunik jaso.

Fdez de Pinedok nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak kokaleku horiek aukeratzeko orduan «kudeaketa txarra» egin duela, eta «planifikazio txarra» egon dela. Halaber, oroitarazi du gizartearen gaitzespen zabala dagoela proiektuaren kontra, eta gizarte erakundeek, udalek, kontzejuek eta talde ekologistek 18.000 alegazio baino gehiago dituztela oroitarazi du.

EH Bildurentzat bereziki larriak dira Iturrietako eta Arkamoko kasuak, bi gune horiek Natura 2000 sarean sartutako Kontserbazio Berezirako Eremuak direlako. «Argi utzi nahi dugu Eusko Jaurlaritzak atzera egin behar du zentral horiek Labrazan, Iturrietan eta Arkamon eraikitzeko ahalegina. Sistema berriztagarrien hedapena ordenatua eta arduratsua izan behar da», nabarmendu du Fdez de Pinedok. 

Arabako Natur Institutua ere aurka

Arabako Natur Institutuak (ANI) alegazioak aurkeztu zituen atzo Arkamon eta Iturrietako mendietan parke eolikoak egiteko proiektuaren kontra.  ANIk salatu zuenez, Europa Natura 2000 sarearen barruan daude bi zonak, eta kontserbaziorako gune babestu gisa izendatuta daude. Bertzeak bertze, landare espezie endemikoak, hegazti harrapakariak, saguzarrak eta aztore arranoak bizi dira bertan. 

Elkarteak nabarmendu zuenez, haize errotek inpaktu bisual handia eragingo lukete, eta hori ez da bateragarria egun dagoen paisaiarekin: «Haize errota horiek paratzeak obra zibil handi bat eskatzen du, sartzeko pistak, plataforma elektrikoak eta transformadoreak eraiki beharko liratekeelako». Elkarteak nabarmendu zuen bai Arkamo, bai Iturrietako mendiak fauna botanika eta paisaia aberastasun handiko guneak direla eta daukaten izendapenek nahikoa babes eman beharko lukeela horrelako proiektuen aitzinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.